Eleuterio Tapiaren omenezko monolitoaren aldamenean elkartu dira herritarrak trikitilariari omenaldia egiteko. Xumea bezain hunkigarria izan da, senideek hartu baitute parte, bai bertsotan, bai eta trikiti piezak joz, eta Eleuterio Tapiaren piezak entzuteko aukera izan delako.
Amaia Agirre bertsolariak trikitilariaren ibilbidea gogoratu du, bere ezaugarriak nabarmanduz: «Trikitiari zegokionez, ikuspegi profesionala zuen, eta irakasle bezala, esku ona ezezik pazientzia eta goxotasuna. Jendearekin konektatzeko dohai berezia omen zuen». Era berean, Bere bigarren pasioa ere nabarmendu du, herri kirolak: «Lehiakortasuna eta sasoi betea zituen ezaugarri». Eta sortzaile eta kirolari orok beharko lukeen gaitasun bat zuela ere azpimarratu du, plaza irakurtzen jakitea, alegia. Hori bai, etxetik kanpo arrakasta izateko beharrezkoa dela etxean norbaiten laguntza eta babesa izatea aipatu du Agirrek, haren emazte Anastasia Arzallus goraipatuz.
Ondoren etorri dira bertsoak eta kantuak. Batetik, Iñaki Otaegi bilobak hiru bertso kantatu ditu, eta ondoren, Eleuterioren bi semeek Juanek eta Jabik hiru pieza jo dituzte, trikitilariaren Leire, Izaro eta Aiora biloben laguntzarekin.
Une hunkigarrienetakoa Eleuterioren anaia Luis bere seme Josebarekin taula gainera igo denekoa izan da. 92 urteko anaiak hiru bertso abestu ditu semeak trikitiarekin lagunduta.
Ekitaldia borobiltzeko, hiru pieza gehiago eskaini dituzte Eleuterio Tapiaren sendikoek, kasu honetan, Hauspotuz egunaren harira bertaratutako trikitilariekin batera. Jo duten peizetako bat, gainera, omenduaren beraren Eleuterio izan da.
Eleuterio Tapia jaio zela 100 urte bete direla ospatu dute Asteasun, eta ospakizunak 4. Hauspotuz egunarekin egin du bat. Trikitizale ugari elkartu da, beraz, herrian, eta eguerdi partean hasitakoa gauera arte luzatuko da, festa giroan.