Asteasuko Udalak parte-hartze prozesu bat abiatu du herriko kultura mapa osatzeko. Lan hori herriko eragileekin eta norbanakoekin egingo du. Gaur egun kulturaren esparruan herrian egiten dena ezagutu, hobetu beharrekoak identifikatu eta etorkizunerako agertoki desiragarriak irudikatuko dituzte elkarrekin. Aldi berean, prozesuarekin kultur etxe berriaren erabilera eta funtzioak irudikatzen eta adosten hasi nahi dute.
Herria eta kultura denon ardura izena jarri diote parte-hartze prozesuari. Galdetegi bat eta hiru saio parte-hartzaile prestatu dituzte horretarako. Galdetegia hiru minututan bete daitekeela aipatu dute prozesuaren bultzatzaileek, eta herritar orok bete dezake. Lotura honetan topatuko dute interesdunek galdetegia.
Herriko kultur dinamikaren inguruan herritarrek duten pertzepzioa ezagutu nahi dute galdetegiaren bidez. Ondoren, elkarrekin hitz egin eta herritarren iritziak modu sakonagoan ezagutuko dituzte, eta udaletxeko ikus-entzunezko aretoan hiru aurrez aurreko saio egingo dituzte:
- Urriak 20, 18:30-20:00: Asteasuko kultura mapa osatzen.
- Azaroak 4, 18:30-20:00: Non egon nahiko genuke?
- Azaroak 17, 18:30-20:00: Etorkizuneko eszenatokian, nolakoa izango da kultur etxe berria?
«Kultura ez da azpiegituren edo ekintzak biltzen dituen programazio bat soilik: herri baten izaera, harremanak eta etorkizuna ardazten ditu. Horregatik, zure ahotsa, zure kezkak eta zure proposamenak ezinbestekoak dira etorkizunean nolako herri-kultura izaten jarraitu nahi dugun irudikatzeko», esan dute udal ordezkariek.