Azoka Berezia, irailaren 27an Asteasun

Tolosaldeko Ataria

Baserritar, artisau eta ekoizleek postuak jartzeko aukera izango dute; kalabaza erakusketa eta arroz esne lehiaketa ere egingo dituzte.

Irailaren 27an egingo dute Asteasun Azoka Berezia. Azokari begira, herriko baserritar, artisau eta janari-ekoizleei postua jartzeko deialdia egin diete; aurten ere kalabaza erakusketa eta arroz esne lehiaketa egingo dituzte, eta arroz esnea prestatzen ikasteko ikastaro berezia ere antolatu dute lehiaketaren harira.

Asteasuko baserritar, artisau eta janari-ekoizleek Azoka Berezian parte hartzeko aukera izango dute. Aurten ere, azokako postuak goizez bakarrik egongo dira. Produktuak ezagutzera eman eta saltzeko aukera aprobetxatu nahi dutenek irailaren 13a baino lehen eman beharko dute izena. Horretarako, WhatsApp mezua bidali edo 626 235 884 telefono zenbakira deitu beharko dute.

Kalabaza erakusketa

Aurten ere herriko kalabaza erakusketa egingo dute Azoka Berezian, eta herritarrak parte hartzera gonbidatu dituzte. Baratzean kalabazak dituztenek eta erakusketan parte hartu nahi dutenek azoka egunean bertan aurkeztu beharko dituzte, irailaren 27an, 11:00ak baino lehen, Kalabaza erakusketa jarriko duen mahaian.

Arroz esne lehiaketa

Bestalde, aurten arroz esne lehiaketari bultzada berezia eman nahi diote Asteasun. Iazko eskaerei erantzunez, arroz esnea prestatzen ikasteko ikastaro berezia antolatu dute. Arroz esnea egiteko sekretuak, aholkuak eta trikimailuak ezagutzeko aukera izango dute herritarrek, irailaren 16an, 18:00etan, Aitzondo elkartean.

Ikastaroa doakoa izango da, baina parte hartzeko ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea. Irailaren 13a baino lehen eman beharko da izena, 626 235 884 telefono zenbakira deituta edo WhatsApp bidez.

Ikastaroan ikasitakoa praktikan jartzeko aukera izango dute ondoren, arroz esne lehiaketan parte hartuta. Parte hartzeko irailaren 23a baino lehen eman beharko da izena, eta arroz esnea azokaren egunean bertan aurkeztu beharko dute frontoian, horretarako propio jarriko duten mahaian. 11:00 baino lehen aurkeztu beharko dira postreak, eta 12:00etan sari banaketa egingo dute, toki berean. Herrian erroldatuta egotea ezinbestekoa izango da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!