Asteasun bizi den «hezitzaile erasotzaile bat» atxilotu dutela jakinarazi du Tolosaldeko Itaiak

Prozesu judiziala hasi zenetik urte bete baino gehiago igaro da, eta prozesuan zehar biktima «erabateko egoera babesgabean» egon dela salatu dute, «traba judizial, burokratiko eta psikologiko izugarriak tarteko».

Asteasun bizi den gizon bat atxilotu dutela adierazi du Tolosaldeko Itaiak, ohar baten bidez. Emakumeen Antolakunde Sozialistaren eskualdeko taldeak nabarmendu duenez, «hezitzaile erasotzaile bat» da.

Adingabeentzako egoitza batean lan egiten zuen gizonak, eta sexualki erasotu zuen bere zaintzapeko adingabe bat 2019az geroztik, euren arteko botere harremana baliatuta. Hasieran 11 urteko espetxe zigorra exijitu zuten, baina hiru urtera jaistea lortu du. «Gertakarien larritasunaren kontra, gizona inpunitate osoz ibili da kalean 7 urte luzez».

Prozesu judiziala hasi zenetik urte bete baino gehiago igaro da, eta prozesuan zehar biktima «erabateko egoera babesgabean» egon dela salatu dute, traba judizial, burokratiko eta psikologiko izugarriak tarteko. «Baliabide ekonomiko, kultural eta pertsonalek indarkeria matxista jasateko arriskua zein salaketa arrakastaz amaitzeko trabak areagotzen dituzte».

Tolosaldeko Itaiaren iritziz, halako kasuek «itxura batean progresistak diruditen legeen errealitatea bestelakoa» dela islatzen dute; «ez dira nahikoak emakumeon segurtasun eta ongizate baldintzak bermatzeko». Gaineratu dute Asteasun gertatutakoa «azken garaiotako indarkeria matxistaren gorakadaren seinale bat gehiago» dela. «Horren aurrean, guztion betebeharra da egoera hau desnormalizatzea, erasotzaileen inpunitatea borrokatzea eta emakumeon babesa antolatzea».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!