'Ixkuak' taldeak lortu du garaipena, Santamañako harri-tira saioan

Leyre Carrasco 2026ko uztailaren 19a

Santamañako festetako azken eguna izan dute gaur, eta urteroko moduan, gazteen arteko harri-tira saioa egin dute; kolore gorrikoek irabazi dute, 59 plaza, zinta bat eta 3 metro eginda.

Giro onak ez du hutsik egin Santamañako festetako azken egunean. Gaurkoan ere trikitilariek girotu dute arratsaldea, baina bertaratu diren gehiengoak gazteen arteko lehia ikustera joan da.

Zortzi parte hartzailez osaturiko bi talde aritu dira lehian. Batetik, Ixkuak izeneko talde gorria; Udai Aranburu, Ibai Izagirre, Oier Izagirre, Auritz Alkorta, Aimar Orbegozo, Mikel Izagirre, Joseba Astiasaran eta Enaitz Agirrezabalak osatuta, Arkaitz Etxarri gidari zutela. Bestetik, Apotikoak izeneko talde berdea; Oier Iturbe, Oibar Olano, Aner Tapia, Lander Sarasua, Axier Usandizaga, Aratz Agirrezabala, Xabier Amonarriz eta Suhar Aranburuk osatuta, Axier Sarasua gidari zutela.

20 minutuko txandan aritu dira bi taldeak, eta bero handia egin duen arren, parte hartzaileek borrokan aritu dira amaiera arte. Azkenean, talde gorrikoek lortu dute garaipena, 59 plaza, zinta bat eta 3 metro eginda. Talde berdekoak, berriz, 53 plaza, zinta bat eta 36 zentimetro egin dituzte.

Lanak amaituta, trikitilarien azken saioarekin jaitsi dute Tranpazulo.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!