Hitzarmen duina eskatu dute Asteasuko Siemens-Gamesako langileek

Ataria 2026ko uztailaren 7a

Aurreko ostegunean egindako asanbladan langileek enpresak proposatutako lan hitzarmenarekiko desadostasuna azaldu, eta hitzarmen duin baten alde borrokatzeko prestasuna azaldu dute.

Asteasuko Siemens-Gamesako langileen gehiengoaren ustez, enpresak lan-hitzarmen berrirako egin duen proposamenak ez ditu gutxieneko baldintzak betetzen.

Nahiz eta iazko azaroan lan-hitzarmen berria negoziatzeko proposamena egin, enpresako arduradunak ez ziren otsailera arte langileen ordezkariekin eseri. Harrezkero egindako bileretan, ordea, ez dute adostasunik lortu.

Langileek gutxieneko hainbat baldintza jarri dituzte hitzarmena sinatzeko. Besteak beste, KPIaren araberako soldata-igoerak eskatzen dituzte, erosahalmena gal ez dezaten, eta igoerak linealak izatea nahi dute, baldintza okerrenetan dauden langileek hobekuntzarik handiena izan dezaten. Horrez gain, erreleboetan lan egiten duten langileen osasun-baldintzak berrikustea ere eskatu dute.

2025aren hasieratik urte amaierara arte, Asteasuko plantako hainbat langile ABEEan (aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientean) daude. Neurriak, batez ere, txandaka lan egiten duten langileei eta langile soilei eragin die. Josu Zubillaga LAB sindikatuko ordezkariaren esanetan, ordea, enpresaren ustezko galerak ez dituzte langile guztiek neurri berean pairatzen: «Badakigu konpainiako zenbait goi-karguk 2025aren amaieran aldagaien araberako kalkulua egin eta aparteko ordainsariak jaso zituztela; gehieneko kopurua %100 denean, %133 kobratu dute. Kasu batzuetan, 5.000 euro, eta beste batzuetan, 10.000 euroko kopuruak. Krisia batzuentzat bakarrik da, itxuraz. Negoziazioetan argi esan genien ez ginela, beste behin ere, orain arte baldintza okerrenak pairatu ditugunok galtzen aterako».

Hitzarmen marko berria

Konpainiak 6.000 langile inguru ditu, eta horietatik 173 Asteasuko plantan ari dira lanean. Langileek bertan negoziatu nahi dituzte lan-baldintzak, baina enpresak duela gutxi jakinarazi die datorren urtetik aurrera hitzarmenak negoziatzeko markoa aldatu nahi duela. «Estatuko planta guztiak aintzat hartu eta ordezkaritza handiena duten sindikatuekin negoziatu nahi dute lan-hitzarmena; ondoren, lantegi guztietan aplikatu. Guretzat eraso bat da. Hemen erabakitzeko eskubidea exijitzen dugu».

Hilabeteotako negoziazioen ondoren, enpresak jakinarazi zuen aurkeztutako proposamena azkena izango zela. Langileen gehiengoak, ordea, ez ditu baldintza horiek onartu, eta enpresari proposamena berrikusteko eskatu dio. «Langileok gara enpresaren baliorik handiena; beraz, errespeta gaitzala eta birpentsa dezala egin duen proposamena».

Erantzunik jaso ezean, lan-baldintza duinen alde borrokatzeko prest daudela adierazi zuten langileek joan den ostegunean egindako batzarrean. Argazki jendetsua atera eta idatzi bat plazaratu zuten. Egunotan, gainera, beren egoeraren berri emateko pankartak jarriko dituzte eskualdean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!