Elkartasuna da herrien arteko samurtasuna

Ataria 2026ko maiatzaren 30a

Aiztondo bailararen eta El Salvadorreko Segundo Montes komunitatearen arteko senidetzea ari dira ospatzen gaur Asteasun. Harrera instituzionalaren ondoren, herri harrera eta bazkaria egingo dituzte.

Aurten 33 urte bete ditu El Salvadorreko Segundo Montes komunitatearekin eskualdeak duen senidetzeak. 1993an, erabaki hori hartu zuen Zizurkilek. Gerora, egitasmoarekin bat egin zuten Aiztondoko gainerako udalerriek: Amasa-Villabonak, Asteasuk eta Adunak. Gaur guztiek ospatu dute senidetzea elkarrekin, El Salvadorretik etorritako ordezkariekin batera. Harrera instituzionala egin diete udal ordezkariek Asteasuko udaletxean, eta gero egin dute harrera herrikoia plazan.

Aurten bi kide etorri dira: Ipar Morazanen turismo arduraduna den Lucinda Argueta, eta Padre Segundo Montes Institutu Teknologikoko irakasle den Rosibel Chicas. Joan den ostegunean iritsi ziren eskualdera, eta landa eremuko turismo esperientziak ezagutzera etorri dira. Ekainaren 8ra arte izango dira gure artean. 

Eskertuta hitz egin dute eguerdian plazan egin duten ekialdian. "Elkartasunez betetako bihotza daukazue gure herriarekiko, eta guretzat ohorea da hemen egotea. Asko egin duzue gure komunitatearentzat, eta orain elkartasun hori beste herrietara ere zabaltzen ari da. Eskerrik asko, bihotzez", esan du Lucinda Arguetak.

Rosibel Chicasek, berriz, Aiztondo bailaran topatu duten gizatasunean jarri du arreta. "Eskertuta gaude gure herrian zuen laguntzari esker hainbat proiektu eraman ditugulako aurrera". 

Harrera herrikoiean, Xabin Mujika txistulariak, herriko dantzari gazteek eta Unai Mendizabal  eta Amaia Agirre bertsolariek hartu dute parte. Ekitaldian izan dira, baita ere, senidetzea abiatu zuen Mikel Arrastoa zizurkildarra, eta Juanma Balerdi Euskal Fondoko zuzendaria.

El Salvadorreko ordezkeriei lagundu diete Larraitz Alkorta Asteasuko alkateak, Maite Amenabar Zizurkilgoak, Kristina Rodriguez Adunakoak, eta Xabat Laborde eta Irune Alfonso Amasa-Villabonako alkateorde eta zinegotziak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!