Muskerraren Eguna egin dute gaur Asteasun. Pello Errota eskolaren atarian hainbat herritar elkartu dira eta Elizmendi auzoan barrena egin dute bidea Bernardo Atxaga herritarraren laguntzarekin. Ondoren, udaletxeko arkupean salda hartu, eta harrera gunean poesia irakurketa batekin amaitu dute eguna.
Asteasuko elizan egin dute lehen geldialdia, eta han, pontearen edo bataio harriaren bueltan eman ditu lehen azalpenak. Vatikanoko armarria agertzen da San Pedo elizako aldare aldameneko pontean.
Erretore etxean Agirre Asteasukoaren testu batzuk irakurri ditu, eta aurreraxeago, Elizegi etxean eman ditu hurrengo azalpenak: han hil zen Juan Bautista Agirre eta han pasatzen zituen udak Zumalakarregi general karlistak. Elizegin bizi izan zen beste pertsonaia batean jarri du arreta idazleak, Juan Cabanas Erauskinengan. Francoren erregimenaren ezkutua diseinatu zuen 1938an.
Beheraxeago, Antonio Arrueren jaiotetxean, Apalasagastin beste hainbat gogoeta egin ditu Atxagak. Politikari tradizionalista zen Arrue, eta Euskaltzaindian hainbat lan egin zituen zenbait euskal idazle historikoren lanak aztertzen.
Hasitako tokian bukatu du Elizmendiko itzulia idazle asteasuarrak eta Pello Errota bertsolari ezaguna izan du gogoan, bere izena baitarama herriko eskolak.
Udaletxeko arkupean, salda beroa eta pintxoak hartu ondoren, Muskerraren Bidearen harrera gunean egin du eguneko bigarren partea Atxagak. Poesiaren inguru hainbat hausnarketa egin eta bere ibilbideko hainbat poema irakurri ditu ekitaldian.