Gustura itzultzen al zara jaioterrira?
Herrira askotan joaten naiz, maiz. Beti daukat lotura hori bizirik. Ez da Muskerraren Eguneko kontua bakarrik, urte osoan mantentzen dudan lotura baizik. Nire anaietako bat han ibiltzen da eta beti da buruan dudan lekua nire jaioterria. Ez zait batere aldapa gora egiten.
Muskerraren bidea behin baino gehiagotan gidatu duzu. Beti da ezberdina?
Aurten, halabeharrez. Elizmendi auzoan hondoratu egin da lurra hainbat tokitan eta ezin da ezkerreko aldetik igo. Oraingo honetan, abiapuntua eskolako ataria izango da. Leku ederra da, bide batez esanda; pare-parean ikusten dira Larraul, Hernio, Murgil... mendilerro osoa zabal-zabalean.
Zuzenean eskolako atarian egingo dugu hitzordua 10:30ean, meza hasi aurretik elizatik pasatu ahal izateko, bisitariei erakutsi nahi baitiet pontea. Bataiatzeko harriari esaten zaio pontea. Haren inguruko ezaugarri batzuk azaldu nahi ditut igandean.
Aurten zertan jarriko duzu arreta?
Bisita guztia lelo baten babesean egingo dut, galdera bat: Zer nola eragiten du inguru politikoak, eta areago ideologikoak, paisaian? Paisaian, eta bizimodu osoan gehituko nuke.
Zerbaiti erreparatuko diozu bereziki?
Ibilbide osoan aipatuko dugu eragin hori, bai elizan, bai ondoren Elizegi izeneko etxea ikusterakoan, baita Apalasagasti etxea ikusterako orduan ere. Ordu erdian egingo dugu bidea eta Agirre Asteasukoaren testuak eta beste zenbait egilerenak ere aipatuko ditut. Gero, behera jaisten garenean lelo berarekin jarraituko dut: historia, politika eta ideologiak nola markatzen duen paisaia.
Zerbait aurreratu nahi?
Ez dut ezer aurreratuko joaten denak ustekabea har dezan. Esan dezakedana da, bigarren etxean, Elizegi izenekoan, jendeak ustekabe handia hartuko duela hango azalpena nik ematean, lehendik ez baita horrelakorik entzun. Harritzen ez denari kafea pagatuko diot.
Bigarren zatian hitzaldia emango duzu Muskerraren Bidearen harrera gunean.
Irakurketa berezi bat egingo dut. Poemekin izango da batez ere, eta berezia izango da. Poemak irakurriko ditut, baina baita poema horien atzean dagoena ere. Batzuk komikoak izango dira, eta beste batzuk ez hainbeste. Pentsatzen dut interesgarria izan daitekeela jendearentzat.
Aurrekoan ere Belauntzan izan zinen Jabier Muguruzarekin.
Azkenaldian ari naiz irakurketa bereziak egiten. Paradisua eta katuak egin genuen eta oso polit joan zen. Denak oso modu atseginean egon ginen. Horrelaxe nabil, gaztea banintz bezala. Banabil, eta ez da gutxi.