Iturriotzetik Hernioko gailurrera kronoigoera egiteko xarma berezia

Ataria 2026ko otsailaren 11

Hilaren 21ean egingo da IV. Anttine Trail proba. Lau kilometro eta 482 metroko desnibel positiboko ibilbidea du, eta izena emateko aukera dago datorren asteartera arte.

Laugarren aldia izango du aurtengoan Anttine Trail mendi lasterketa probak. Iturriotzetik abiatu eta Hernioren tontorreraino joan behar du korrikalariak. Lau kilometro eta 482 metroko desnibel positiboa du ibilbideak. Erlojuaren aurkako proba izatea da bere berezitasuna, hau da, bakarka ateratzen dira korrikalariak. Hilaren 21ean egingo da proba eta lehen lasterkaria 10:00etan aterako da.

Orain arte 70 korrikalari inguruk eman dute izena, eta zabalik dago aukera datorren astearteko 20:00ak arte. Horretarako Kirolprobak.com webgunean sartu behar dute. Egun batzuk lehenago ixten dute izena emateko aukera, antolatzaileek zozketa egiten baitute parte hartzaile bakoitza noiz aterako den zehazteko. «Korrikalari bakoitzak jartzen du zer denbora egitea espero duen, eta horren arabera irteerako zerrendan kokatzen dugu», esan du Alaia Tolosa antolatzaileak. «Normalean denbora gehien egingo dutenak lehenago ateratzen dira». Korrikalari batetik bestera 40 segundoko tartea uzten dute. 

Kronoigoerak bere xarma duela nabarmendu du Tolosak: «Pentsatu genuen Gazume edo Mendibeltz mendiak sartzea ibilbidean, baina iruditu zitzaigun bere xarma zuela Iturriotzetik Herniora arteko bideak, eta hori mantendu dugu. Parte hartzaileek esan digute ez dela ohiko lasterketa bat, eta oso ondo etortzen dela pixka bat bihotzak berotzeko».

Herritarrentzat

Asteasuko Anttine elkarteak antolatzen du proba. Tolosak azaldu duenez, «proba antolatzearen helburua herrikoen parte hartzea sustatzea da, lasterketan parte hartzen, boluntario modura edo proba ikusten. Kanpotik korrikalariak etortzen badira denbora on bat egitera, gero horrek izena ematen dio probari, baina berez gure helburu nagusia herriarentzat egitea da». Boluntario ugari izaten dituzte, eta egunean bertan afaria egiten dute Asteasun. Afaria zabalik dago herritarrentzat, eta antolatzaileekin jarri behar da harremanetan izena emateko.

Azken parte hartzailea Herniora iritsi ondoren, Zelatunen txorixo pintxoa eta salda dastatuko dute korrikalariek. Sari banaketa ere bertan egingo da, eta hainbat sari banatuko dituzte. Lehendabiziko gizonezkoak eta emakumezkoak txapela eta botila ardo bana jasoko dituzte, eta bakoitzarentzat bi afari Iturriondo jatetxean. Bigarrengoek botila ardo bana eta bakoitzarentzat bi hamaiketako Patxine tabernan. Hirugarrengoek, berriz, gazta eta botila ardo bana. Herriko lehendabiziko gizonezkoak eta emakumezkoak ere izango dute saria: kopa eta botila ardo bana. Bestalde, sari berezia izango dute errekorra hobetzen duen korrikalariarentzat: 150 euro. Gizonezkoetan marka Axier Artola Ormazabal amezketarrak du, 24.23ko denborarekin, eta emakumezkoetan Ane Iturria Alzate bidaniarrak, 32.18ko denborarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!