Azken urteetan bezala, herri kirol jaialdiaz gozatuko dute Asteasun urtea amaitzeko. Hain justu, Kirol Herri txapelketako banakako finalak eta taldekako hirugarren jardunaldia jokatuko dira etzi, 17:00etan hasita.
Banakako finalei dagokienez, Julen Alberdi Txikia IV, Xabier Zaldua, Hodei Ezpeleta Bihurri eta Mikel Larrañaga aizkolariek 60 ontzako lau enbor eta 54 ontzako sei enbor ebaki beharko dituzte. Nerea Arruti, Uxue Ansorregi, Karmele Gisasola Zelai III eta Oihana Fernandez de Barrena aizkolariek, berriz, 45 ontzako eta 54 ontzako bina enbor ebaki beharko dituzte.
Bestetik, Jon Gisasola Zelai V, Beñat Telleria, Gari Garmendia eta Mikel Lopetegi Urra harri jasotzailek 125 kiloko kubikoa, 125 kiloko zilindrikoa eta 125 kiloko esferikoa altxatu beharko dituzte. Patricia Martin, Ainitze Zumeta, Lierni Osa eta Maddi Gesalaga harri jasotzaileek, berriz, 75 kiloko zilindrikoa, 62,5 kiloko kubikoa eta 62,5 kiloko esferikoa altxatu beharko dituzte. Bi 2 minutuko txanda bana izango dute.
Bestalde, taldekako hirugarren jardunaldian, Nerea Arruti, Hodei Ezpeleta, Gari Garmendia eta Maddi Gesalagak osatutako taldea eta Uxue Ansorregi, Julen Alberdi, Jon Gisasola eta Patricia Martinek osatutakoa nor baino nor ariko dira. Eta berdin egingo dute Karmele Gisasola, Xabier Zaldua, Beñat Telleria eta Ainitze Zumetak osatutakoak eta Oihana Barrena, Mikel Larrañaga, Mikel Lopetegi eta Lierno Osak osatutakoak.
Saioa borobiltzeko, Xabier Aranburu Guzta-k marka saiakera egingo du 200 kiloko kubikoarekin.
Kirol Herri txapelketako finala ikusteko sarrera 15 euro ordaindu beharko da.