Urko Arizeta eta Eneritz Iraola izan dira irabazleak

Ataria 2025eko abenduaren 27a

Asteasuko X. Elkartasun krosa izan da jokoan gaur arratsaldean. Jasotako dirua El Salvadorreko Segundo Montes Komunitatearentzat izan da.

Dagoeneko hamargarren aldia bete du Asteasuko Elkartasun Krosak. Hainbat mailatan banatuta egin dute proba. Haurretan Aner Aranburu eta Joana Goenaga asteasuarrak izan dira azkarrenak; alebinetan Peru Aierdi eta Noa Lasa asteasuarrak; infantiletan Kemen Aranburu asteasuarra; kadeteetan Endika Jimenez asteasuarra; alebinetan Irati Tejeria billabonatarra; eta helduetan Eneritz Iraola bidaniarra eta Urko Arizeta asteasuarra.

Gustura azaldu da Arizeta lortutako garaipenarekin: «Beti animatzen dut parte hartzera. Elkartasunezko proba bat da, eta saiatzen naiz beti bertan egoten». Aurretik ere irabazi du krosa asteasuarrak, eta gaurkoan lasterketaren buruan izatea eta azken zatian ihes egitea pentsatu eta lortu du. Bere aldetik, herrikoa ez izan arren, Iraolarentzat ez da gaurkoa lehenengo parte hartzea izan Asteasuko krosean: «Jakinik lasterketaren helburua zein den, parte hartzea erabaki nuen aurten ere». Bere erritmoa hartu du, eta korrika egiteko eguraldi ona egiten zuen arren, azken itzulian sufritu duela azaldu du: «Ez nekien atzetik zenbatera zetorren bigarren emakumezkoa, eta nahiko estutu dut. Beti ondo etortzen da beste garaipen bat lortzea».

Lau produktu sorten zozketak ere egin dituzte, eta hortik lortutako dirua zein kroseko izen-emateetatik jasotakoa El Salvadorreko Segundo Montes Komunitatera bideratuko dute, bertako gazteen ikasketa-bekentzako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!