Segundo Montes komunitateari korri eginez egingo diote keinu

Ataria 2025eko abenduaren 16a

Abenduaren 27an 16:00etatik aurrera Asteasuko Kros Solidarioa egingo dute. Adin guztietako herritarrek parte hartu ahal izango dute eta bildutako dirua El Salvadorrera bideratuko dute.

Urtero bezala, Asteasuko X. Kros Solidarioa egingo da aurten ere. Abenduaren 27an egingo da ekimena eta kirola, elkartasuna eta komunitatea uztartu nahi ditu. Lortutako irabaziak, ohi bezala, El Salvadorreko Segundo Montes komunitatera bideratuko dira.

Lasterketaren aurretik eman beharko dute izena parte hartzaileek, 13:30etik 16:15era. Helduen bost euro eta haurrek bi euro ordaindu beharko dituzte.

16:00etan hasiko dira gaztetxoenak, 2016tik aurrera jaiotakoak eta 500 metro egingo dituzte. 16:10ean 2012 eta 2015 urteen artean jaiotakoen txanda izango da eta hauek bi kilometroko bidea egin beharko dute. 16:15ean izango da itzuli solidarioa eta 16:30ean aterako dira gainerako parte hartzaileak; kadeteek –2010 eta 2011 urteen artean jaiotakoek– lau kilometro egin beharko dituzte eta jubenilek eta seniorrek sei kilometro.

Asteasuko Udalak adierazi du adin guztientzako herritarrentzat antolatu dutela krosa: «Ez da lehiaketa hutsa: elkarrekin korrika egin eta laguntzea da helburua». Beraz, guztiak gonbidatu ditu Asteasura hurbildu daitezen abenduaren 27an.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!