Hiri Antolamendurako Plan Orokorra berritzeko lana abiatuko du laster Asteasuko Udalak, baina langintza horretan hasi aurretik parte hartze prozesu bat jarri du martxan herria 2040. urteari begira jartzeko. Larraitz Alkorta alkatearen esanetan «giltzarria» izango da aurre lanketa hori, plana idazteaz arduratuko den enpresak diseinurako oinarri bat izan dezan.
Projekta Urbes enpresa kontratatu du udalak prozesua gidatzeko eta hemendik 15 urtetara desiratuko luketen herriaz hausnartzeko. Hiru parte hartze saio diseinatu dituzte, baina horren aurretik, galdetegi bat ere banatu zieten herritarrei hainbat gairen inguruko lehenengo inpresioak biltzeko. 60 herritarrek baino gehiagok bete zuten galdetegia.
Horren ondoren etorri dira parte hartze saioak: azaroaren 18an egin zuten lehenengoa eta joan den asteazkenean bigarrengoa. «Elkarrizketa modura aritu ginen lehenengoan eta diagnostiko partekatua eta erronka kolektiboak identifikatu genituen; indarguneak eta ahulguneak non ikusten ditugun aipatu genuen», azaldu du Alkortak. Bigarren saioan, etxebizitza, zerbitzu publikoak eta ekipamenduak izan zituzten hizpide eta parte hartzaileen artean jende gazteagoa sumatu zutela nabarmendu dute antolatzaileek.
Iritzia emateko gogoz
Udal ordezkariekin eta teknikariekin batera, askotariko profilak dituzten herritarrak joan dira bileretara eta pozik dago horrekin alkatea: «25na herritar joan dira aurreko bi bileretara eta jendearen jarrera nabarmenduko nuke. Ekarpenak egiten ari da jendea eta gustura ikusten ditugu iritziak ematen».
Udal ordezkarien esanetan garrantzitsua da jendeak bilera hauetan parte hartzea: «Geroz eta jende gehiagok parte hartu, orduan eta ikuspegi osatuagoa izango dugu herriaz». Alkateak gogoratu du parte hartzeko ez dela aldez aurretik izena eman behar.
Bihar egingo dute saioetan azkenekoa eta honako gaiak landuko dituzte: garraioa eta denbora; garapen ekonomikoa, herrian lan egin eta herrian erosi; eta landa eremua eta natura. «Aurreko saioan lan talde txikitan banatuta egin genuen hausnarketa eta asmo horrekin dabiltza biharko. Oso saio dinamikoak izaten dira eta gustura sumatzen dugu jendea».
Oinarria planerako
2040. urtean Asteasu nola irudikatzen duten azaltzen dute herritarrek saio hauetan. Bertan egindako hausnarketak garrantzitsuak izango dira HAPOari begira. «Planean jasotzen diren hainbat gairi buruz hitz egiten dugu saio hauetan, beraz, hemen esandakoak lagungarri izango zaizkio plana idazteaz arduratuko den enpresari».
Alkateak herritarrei gonbita luzatu die biharko saiora joateko. Ordu eta erdiko iraupena izango du eta udaletxeko ikus-entzunezko gelan egingo dute, 18:30etik aurrera.