Urteak dira hainbat jatorritako herritarren arteko ezagutza sustatu eta elkarbizitzarako eremu bat sortzeko lanean ari direla Mundu Bat Asteasun proiektuarekin. Lanketa horren barruan, urtero egiten duten Kulturarteko Festa da hitzordu ikusgarrienetako bat, baina ez bakarra, proiektuak beste bi hanka ere badituelako: euskara taldea eta harrera taldea.
Hain zuzen, aurten, Kulturarteko Festarekin uztartu nahi izan dute herrira etorri berri direnei egiten dieten harrera-saio komunitarioa. Maiatzean antolatu zuten lehenengoa eta igande honetan egingo dute bigarrena 10:30etik aurrera. Larraitz Alkorta alkateak azkeneko hilabeteotan Mundu Bat Asteasun egitasmoaren barruan harrerarekin lotuta egin duten lanketan egin du azpimarra eta herritarren arteko topaguneak sortzearen beharraz aritu da.
«Herrian mugitzeko beharrezkoak diren zerbitzuak non dauden erakutsiko diegu etorri berriei. Plazan egin dugu hitzordua eta itzuli bat egingo dugu herrian zehar. Lizardi etxea, kultur etxea, kiroldegia, eskola eta udaletxea non dauden azalduko diegu, besteak beste». Maiatzetik hona 11 heldu iritsi dira Asteasura bizitzera eta haietako bakoitzari egin zaio gonbita igandean plazara agertzeko etxekoekin batera. Behin herria ezagutua, 11:30ean emango zaio hasiera Kulturarteko Festari, hain justu, etorri berri direnen aldeko brindisarekin.
Festaren alderik ezagunena eta jende gehien erakartzen duena herrialde ezberdinetako jakiekin antolatzen duten azoka da. 12:00etan jarriko dituzte janari eta edari postuak: 11 izango dira guztira, bik Kolonbia ordezkatuko dute eta gainerako herrialdeek postu bana izango dute –Portugal, Ekuador, Honduras, Maroko, Dominikar Errepublika, AEB, Nikaragua, Peru eta Brasil–.
Askotariko jakiak aukeran
Urteak daramatza festan parte hartzen Silvia Martinezek (Pelate, Ekuador, 1976). Aurreko urteetan izan duen arrakasta ikusita aurten ere txerrikia prestatuko dute labean. Zenbait ordutan erretzen eduki eta gero, entsaladarekin zerbitzatuko dute. «Gure kasuan, juka eta patata egosiarekin egindako talo moduko batekin eskaintzen dugu txerrikia eta gazta barruan sartuta plantxan erretzen dugu. Zuen hemengo taloaren antzekoa da eta guk yapinchago deitzen diogu», azaldu du Martinezek.
Santu Guztien Egunaren bueltan Ekuadorren ohiturazkoa den iragazi morea ere emango dute igandean, arto-irin beltzarekin, fruta zukuarekin eta fruitu zati txikiekin prestatzen dena. Horiekin guztiekin batera, eta eguraldiaren arabera, koktel hotza edo beroa eramango ote duten ari dira pentsatzen Martinez eta haren lagunak.
Alkortak baieztatu du postuetako arduradunek lan handia hartzen dutela Kulturarteko Festa prestatzen. «Eskertzekoa da egiten duten ahalegina». Martinezek azaldu du bezperan hasten dituztela lanak eta bost bat ordu ematen dituztela sukaldean; igande goizean beste bizpahiru ordutan ematen dituzte azken ukituak eta 12:00etarako txukun-txukun izaten dute postua prestatuta, Ekuadorko postalez eta zenbait artisau lanez apainduta.
Helburu solidarioa
Udalak ahalik eta erraztasun handienak ematen dizkie postua jartzeaz arduratzen diren herritarrei: «Mahaiak eta behar duten materiala ematen diegu, mantela, platerak, edalontziak... eta aurrekontu txiki bat ere izaten dute beharrezko lehengaiak eros ditzaten». Martinezek, kontatu du geroz eta zailagoa izaten zaiela haien jatorrizko herrialdeetako jakiak erostea, «gutxi eta garesti» egoten direla esan du.
Elaborazio handiko platerak izaten direla nabarmendu du alkateak eta azaldu du Asteasura azaltzen diren guztiek zerbait dastatzeko aukera izan dezaten txartel bidez funtzionatzea erabaki zutela iaz. Euro batean egongo dira salgai txartelak eta pertsona bakoitzak, gehienez, hiru erosi ahal izango ditu. «Pilaketak ekiditeagatik jarri genituen tiketak eta ahalik eta jende gehienak aukera izan dezan zerbait probatzeko». Irabazi asmorik gabeko ekimena denez, jasotako dirua elkartasunezko ekimen batera bideratzen dute; iaz El Salvadorrera bidali zuten, Aiztondo bailara haiekin senidetuta dagoelako eta oraindik ez dute erabaki aurten zertan enplegatuko duten jasotako dirua.
Igande goiza, dantzarako gonbita batekin amaituko dute eta bazkalostean, 15:30etik aurrera, Fusion H musika taldearen saioa izango dute Asteasun. Kulturarteko festa bukatzeko piñataren ordez, aurten, gozokiak banatuko dituzte. Dena den, ez da festa igandekora mugatuko. Azaroaren 12an, asteazkenean, Muskerraren Bidea gunean Mundutik kanta eta kontu ikuskizun parte hartzailea egingo dute 18:30ean, Maider Alcelay eta Igor Salaren eskutik.
MUNDU BAT ASTEASUN
- AZAROAK 9, igandea
- 10:30. Harrera-saioa.
- 11:30. Irekiera eta etorri berrien aldeko brindisa.
- 12:00 - 13:30. Janari eta edari postuak.
- 13:30. Goiza amaitzeko dantza saioa.
- 15:30 - 17:30. Fusion H musika taldearen emanaldia.
- 17:30. Gozokiak.
- AZAROAK 12, asteazkena
- 18:30. Mundutik kanta eta kontu ikuskizuna Muskerraren Bidea gunean.