Maddalen Arzallusek irabazi du Harituz Tolosaldeko bertsozale taldeak antolatzen duen Pello Errota sariketaren finala. Asteasuko Itturri-Ondo jatetxean egin dute finala, bertso afari formatuan, eta bertsozale asko gerturatu da bertara. Bertso onenaren Mikaela Elizegi saria Ekhiñe Zapiainek eraman du.
Bidanian eta Gaztelun egindako kanporaketen ondoren, lau bertsolarik lortu zuten finalerako txartela: Agin Laburuk, Ekhiñe Zapiainek, Etxahun Lekuek eta Maddalen Arzallusek.
Finalean Igotz Alkortak eman dizkie bertsotarako gaiak. Zortziko txikian binaka librean hasi dira hasteko, gaia emanda binaka jarraitu dute, hiruna punturi erantzun behar izan dute ondoren, eta seiko motzean bukatu dituzte binakakoak. Gero, bakarka, gai bat jarri eta hiruna bertso kantatu behar izan dituzte.
Ekhiñe Zapiaini honako gaia jarri diote bakarkarako: «Lan batean hasi berria zara. Postua merezi duzula demostratu beharrek presio izugarria sortzen dizu». Duela hamar urte bertsolaritza utzi eta, orain, bertso eskolan irakasle hasi denaren paperetik kantatu zuen. Honako hau, hirugarren bertsoa, Mikaela Elizegi saria eskuratu duena:
Epaimahaiaren iritziz Arzallusek eta Lekuek egin dute merezimendurik handiena buruz burukoan kantatzeko. Iparragirre doinuan aritu behar izan dute binaka, objketu bat jarri eta hari bertsoa bota behar izan diote, eta amaitzeko librean aritu behar izan dira buruz burukoan aritu diren bi bertsolariak.
Azkenean, IV. Pello Errota bertsolari sariketaren txapela Arzallusek eraman du eta Joxe Ramon Usabiaga bertsozaleak jantzi dio txapela.
