Ostiralean egingo dute IV. Pello Errota sariketako finala

Ataria 2025eko urriaren 15a

Jexux Mari Irazu larrauldarrak jantzi zuen txapela 2023ko edizioan.

Ostiralean Asteasuko Itturri-Ondo jatetxean egingo duten bertso afarian jokatuko da finala. Agin Laburu, Ekhiñe Zapiain, Etxahun Lekue eta Maddalen Arzallus dira finalistak.

Harituz Tolosaldeko bertsozale taldeak antolatzen duen Pello Errota sariketa finala ostiralean egingo dute Asteasuko Itturri-Ondo jatetxean, 20:30etik aurrera. Agin Laburu, Ekhiñe Zapiain, Etxahun Leku eta Maddalen Arzallus ariko dira kantuan eta Igotz Alkortak jarriko ditu gaiak. Bertso afaria izango da ostiralekoa eta joan nahi dutenek txartela hartu beharko dute aurrez jatetxean bertan.

Bi kanporaketa egin dituzte IV. Pello Errota bertsolari sariketaren barruan: lehenengoa Bidaniako Saiaz elkartean egin zuten eta Etxahun Lekuek, Miren Artetxek, Ekhiñe Zapiainek, Oier Iurramendik, Saats Karasatorrek eta Naia Arrizabalagak parte hartu zuten eta Lekue eta Zapiain sailkatu ziren finalera; bigarrengoa, joan den urriaren 3an egin zuten Gazteluko Erroizpe elkartean eta han aritu ziren bertsotan, Agin Laburu, Maddalen Arzallus, Eneko Araiztegi Korta, Aroa Arrizubieta, Maddi Aiestaran eta Danel Etxeberria eta, kasu honetan, finalerako txartela Laburuk eta Arzallusek eskuratu zuten.

Laugarren aldia da bertsolari sariketa antolatzen duela Harituzek. Aurreko hiru edizioetan Eneko Lazkozek (2018), Amaia Iturriozek (2020) eta  Jexux Mari Irazuk (2023) jantzi dute txapela.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!