2024-2027 legealdi erdia

«Herri txikiok abantaila handi bat dugu: gertutasuna»

Jon Miranda Labaien 2025eko urriaren 14a

Lagungarri izan zaizkio aurreko alkatearen aldamenean lanean eman dituen bi urteak; udala ezagutzeko, bere burua prestatzeko eta karguari tamaina hartzeko baliatu du tarte hau.

Joan den irailaren 26an hartu zuen alkate kargua Larraitz Alkorta Aizpuruak (Donostia, 1975). «Poliki-poliki» hasi dela eta udal langileak behar duen guztian laguntzen ari zaizkiola aitortu du. 20 urte daramatza Asteasun eta 2019an sartu zen udalean zinegotzi.

Zergatik onartu duzu alkate izateko erronka?

Pertsonalki aberasgarria iruditzen zait herria hobetzeko bidean aletxo bat jartzea. Uste dut aurreko lau urteetan egindako lanari jarraipena emateko modu egokia zela alkate jarraitzea. Pili Legarraren lekukoa hartzeko taldean egin genuen planteamendua ezagututa, errazagoa egin zitzaidan erabakia hartzea: haren aldamenean orpoz orpo lanean eman ditut agintaldiko lehen bi urteak.

Zein irakaspen eman dizkizu aurreko alkateak?

Asko eman dizkit baina maiz errepikatu didan bat nabarmenduko nuke: ezetz esaten jakitea. Pilik beti dio gauza ezberdina direla pertsona eta arazoa, eta zenbait momentutan hori kudeatzea zaila izanagatik, jakin behar dela ezez esaten, parean duzuna laguna izan arren. Aholku partikularretatik harago, dena den, orain konturatzen naiz zeinen ondo etorri zaidan biok elkarrekin egin dugun bidea. Auskalo nola moldatuko nintzatekeen, orain lur hartu eta udalaren funtzionamenduaz ezer jakingo ez banu.

Agintaldiaren lehen zatian bideratuta utzi duzue kultur etxe berriaren proiektua.

Bai. Aurreko legealdian hasi ginen pixkana gaia prestatzen, 2020 inguruan. Orain erabiltzen dugun kultur etxea 2004koa da eta txiki geratu zaigu, ez dira bertan kabitzen udalak egiten dituen jarduera guztiak. Herriko beste hainbat tokitan moldatu behar izan ditugu zerbitzuak eta horrek logistika aldetik, langileei dagokionez eta gastu energetikoari begiratuta bikoiztu egin ditu gastuak. Kultur etxe berrian zentratu nahi ditugu kultur arloko tailerrak eta ikastaroak, liburutegia, gaztelekua... Aspaldi hasi ginen lehenengo urratsak ematen eta Kabela Berri etxea irailean eraitsi genuen. Obraz eta zuzendaritzaz arduratuko diren enpresak lehiaketara aurkeztuko dira orain eta epe motzera onartuko ditugu lizitazioak. Pare bat urte beharko dira lanak amaitzeko. Eraikinak bi sarrera nagusi izango ditu: plaza ondoko sarrera nagusia eta atzeko kalean dagoena. Sarrera nagusian harrera-gune bat egongo da non dinamizatzaile batek erabiltzaileei informazioa eta laguntza eskainiko dien. Kultur etxe berria irekia eta irisgarria izango da eta espazio malguak izango ditu.

Nola finantzatuko duzue proiektua?

Milioi bat eta zortziehun mila euro ingurukoa izango da kostua eta hiru bide erabiliko ditugu ordainketa egiteko: alde batetik, udal aurrekontutik bideratuko dugu zati bat, urteotako kudeaketa txukunak ahalbidetu egiten digulako hori; bostehun mila euroko mailegu bat ere eskatu dugu beste zati bat estaltzeko; eta, azkenik, espero dugu Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza jasotzea, landa eremuko herriei bideratutako Erein programara aurkeztu baitugu proiektua.

Kultur etxe berria egin ondoren, zer gertatuko da hutsik geratuko diren eraikinekin?

Obra bukatu arte ezingo dugu esku-hartu orain erabiltzen ditugun espazioetan. Asteasu Batuzen programan esan genuen kultur etxe zaharrean hirugarren adinekoentzako apartamendu batzuk egiteko aukera aztertuko genuela; eta Lizardi etxean, berriz, lehen emantzipaziorako, guraso bakarreko familientzat edota banandutakoentzat etxebizitzak egiteko ideia darabilgu buruan.

Etxebizitza beharra dago Asteasun?

Bai, sumatzen dugu beharra. Aurten 31 etxebizitza entregatu dira Lamiategiko bigarren fasean eta, hala ere, badago eskea. Udalak ez du lur eremu publiko gehiago proiektu berriak sustatzeko, Plan Orokorra aldatu arte zain egon beharko dugu. Horregatik aurre lanketa bat hasi nahi dugu herritarrekin, zenbat etxebizitza eta non eraikiko diren erabakitzeko, nolako zerbitzu publikoak nahi ditugun adosteko eta herriko plaza, landagunea, ondarea nola zaindu aztertzeko. Hori guztiari buruz eztabaidatuko dugu Asteasu Bihar 2040 hausnarketa prozesuan. Oso garrantzitsua izango da herritarren parte hartzea. Azaroaren 18an izango da lehen saioa.

Orain arte egin dituzuen parte hartze prozesuetan jendeak parte hartu izan du?

Bai. Modu aktiboan parte hartzen dutenean herritarrak proiektuaren parte sentitzen dira eta erantzukizunez jokatzen dute; gainera, modu horretara, prozesuak eta emaitzak aberastu egiten dira. Uste dut herri txikiek abantaila handi bat dugula: gertutasuna eta elkar ezagutza. Hori aprobetxatuz, hurbiltasunetik, urrats sendoak eman daitezke. 

Ahalegin berezia egiten duzue hainbat jatorrietako herritarrak eroso senti daitezen Asteasun. 

Bai. Mundu Bat Asteasun indar handiko egitasmoa da. Aurten, proiektu bat abiatuko dugu Elhuyarrekin batera eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin; gure herrira bizitzera etorri diren gizon-emakumeen beharrak, sentimenduak eta bizipenak identifikatzeko balioko digu. Herritarren arteko benetako topaguneak sortzea izango da gakoa; komunitate bat sortu nahi dugu non entzutea, enpatia eta egiteko moduek lagunduko diguten guztiontzat hobea den herri bat eraikitzen.

Umeak ahaztu gabe. 

Hori da. Aurten Soka izeneko proiektuaren barruan kanal iraunkor bat sortu dugu, Pello Errota eskolarekin eta Oinherri herri hezitzaileen sarearekin. Orain arte egiten genituen parte hartze saioak sistematizatuko ditugu eta hobetuko dugu orain arteko antolatzeko modua. Hirugarren eta laugarren mailako ikasleekin hasi gara eta aurrerantzean haiek izango dira gure herriaren etorkizuna marraztuko dutenak. Parte hartzearen kultura hori txikitatik sustatu nahi dugu. 

Agintaldiari geratzen zaizkion bi urteotan nola gobernatu nahi zenuke?

Herria gehiago ezagutu nahi nuke; herritarren beharrak, indarguneak, arazoak eta historia entzun. Proiektu eta ekimenak egiteko baliabideak bilatu eta ondo kudeatzen asmatu nahi nuke. Dena den, ez naiz ni bakarrik lanean ari udaletxean; talde ederra daukat inguruan eta aurrerantzean ere elkarrekin zehaztuko ditugu lehentasunak, ondo aztertu eta saiatuko gara proiektuak bururatzen. 

Hemendik bi urtera, 2027ko udal hauteskundeetan alkategai izango zara?

Oraindik goiz da eta ez dakit esaten, baina, orain arte egin dugun bezala, taldean hartuko dugu erabaki hori ere. 

Alkate kargua hartuta, mezuren bat bidali nahi diezu asteasuarrei?

Kargu hartzeko bilkuran esan nuen bezala, zortedunak gara herri honetan jaio garelako. Asteasu maitatzeaz gain herritarrei esan nahi nieke Euskal Herri txiki hau ere bere osotasunean maitatzen jarraitzeko. Une zailak datozkigun honetan jar dezatela arreta hizkuntzaren eta kulturaren transmisioan. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!