ELKARRIZKETA

«Nekazal mundua asko modernizatu da»

Leyre Carrasco 2025eko irailaren 20a

Iñigo Usandizaga baserritarra. L.C.

Traktore gainean ordu gehien igaro dituen horietako bat da Iñigo Usandizaga. Txikitatik du gustuko makinaria, eta Gipuzkoako hainbat zelaietan aritu da horiekin lanean.

Enpresako lanak utzi, eta anaiarekin batera baserritik bizitzea erabaki zuen Iñigo Usandizabagak (Asteasu, 1986). Asteasuko Zabal Errekondo baserrian esnetarako behiak dituzte, eta punta-puntako makinariarekin ere aritzen dira laborantzan.

Baserrian hazi eta hezitakoa zara. Zergatik erabaki zenuen bide horretan jarraitzea?

Baserrikoak gara, esnetarako behiak ditugu eta txiki-txikitatik horixe ikusi dugu. Horretan hezi gara eta gustatu egiten zaigu. Hala ere, gaztetan, mekanizatuko erdi mailako zikloa egin nuen eta horretan jardun nintzen denbora batez; bi urtetan praktikak egiten eta lanean aritu nintzen Asteasuko enpresa batean. Gogoan dut Asteasuko enpresa horretan lanean nengoela, kontratu finkoa egin nahi zidatela, baina nik alde egin nuen. Egunero zortzi ordu bertan igarotzea, kartzelara joatea bezalakoa zen, sufritu egiten nuen. Gainera, zortzi orduko errelebotan aritzen nintzen, eta tailerretik ateratakoan, baserriko lanak egin behar izaten nituen. Ordu gehiegi zirenez, bata edo bestea aukeratu behar izan nuen. Zalantzarik gabe baserria aukeratu nuen, eta horretan nabil.

 

«Zortzi ordu inguru igaro ditzaket traktorearen gainean, eta kanpaina garaian 17 ordu»

Lan asko eskatzen duen ogibidea aukeratu duzu.

Bai, baina lantegiko zortzi orduak baserriko hamabi orduak baino luzeagoak egiten zitzaizkidan. Tailerra utzi nuenean jendeak eroa bezala hartzen ninduen, azkenean, zortzi ordu bakarrik egiten nituen lana, opor egun asko nituen edota baja hartzeko erraztasuna nuen, baina nik momentuz ez daukat inongo damurik. Denbora asko eskatzen du, baina baserria gustatzen bazaizu gustura egiten duzun lana da. 

Gurasoen bideari jarraipena ematea erabaki zenuen, eta egun, anaiarekin batera aritzen zara. Zer moduz moldatzen zarete?

Matrimonio bat bezala gara; egun onak eta egun txarrak izaten ditugu. Anaia ni baino hamar urte zaharragoa da, baina elkar errespetatzen eta laguntzen gara. Egia esan, baserriko lan guztia bakarrik eramatea oso zaila da, eta bien artean errazagoa izaten da. Baserrian esnetarako behiak ditugu eta anaiak ganaduarekin aritzen da gehienbat, eta ni, berriz, makinaria guztia kudeatzen dut. Hala ere, lanak banatzen edo alderatzen ditugu.

Nolakoa da zuen egunerokoa?

Baserrian egin beharreko eguneroko lanak desberdinak dira. Beraz, egunaren arabera antolatzen gara, baita urtaroaren arabera ere. Hala ere, baserrian esnetarako behiak ditugunez, anaiak esnea jezteko partea egiten du gehienbat, eta nik jana emateko partea. Alegia, goizero, normalean, jana ematen diet behiei formula baten bidez. Baina beste egun batzuetan kanpoan ere aritzen gara lanean. Egun horietan anaia ukuiluan egoten da eta ni makinariarekin aritzen naiz, baina hor ere askotan elkarri laguntzen diogu.

Besteen zelaietan ere aritzen zarete lanean, ezta?

Bai, beste nekazarientzako zerbitzu bat eskaintzen dugu, eta egia esan, geroz eta jende gehiagok deitzen digu eta hor ere badugu lantxo handi bat. Eskualdean ez ezik, Gipuzkoako gainerako herritan ere aritzen gara.

Punta-puntako makinariarekin aritzen zara, gainera.

Makina ona erostea gustatzen zaigu behintzat. Aspaldiko esana da pobreak behin erosi behar duela eta ez bi aldiz. Eta gainera esperientziagatik esaten dizut makina merkeagoak erosiz gero, problema gehiago izaten direla. Horregatik ahal bada makina onak aukeratu, erosi eta gero errendimendua ere hobea izango da. Azkenean, baserrian lan egiten dugunok makina asko behar izaten ditugu. Belar kontuetarako belarra moztekoa, belar bolak egitekoa, belar bolak biltzekoa edota belar bolak plastikoan biltzeko makinak erabiltzen dira. Horrez gainera, purina ateratzeko zisterna ere behar da, artoa ere egiten dugunez, lurra mugitzekoa, lurra preparatzekoa edo ereiteko makinak ere ditugu. Makina gehiegi behar da. 

 

«Makina onak aukeratu eta erosiz gero, errendimendua ere hobea izango da»

Ez dituzue traktore gutxi izango ere.

Etxean hiru ditugu; orain erabiltzen ari naizena da handiena —argazkietan ikusgai— eta gero, beste bi txikiago ere baditugu. Horrez gainera, alta montaña —goi-mendia— deitzen dioten traktore txiki bat ere badugu, leku txarretan ibiltzeko eta lan txikiagoak egiteko erabiltzen dugu hori.

Gogoan duzu traktorera igo zinen lehen aldia?

Lehen aldia ez, baina gogoan dut 13 urterekin traktore txiki bat gidatu nuela, anaiaren laguntzaz. Nahiz eta pedaletara ez iritsi, zerbait egin genuen, seguru. Kotxeak gustatzen zaizkion pertsona bati bezala, niri makinaria gustatzen zait.

Egunean zenbat ordu igaro ditzakezu traktorean sartuta?

Galdera ona. Egunaren arabera. Goizetan, normalean, ukuiluko lanak egin behar izaten ditudanez, goiza joan egiten zait, baina hortik aurrera zortzi ordu inguru igaro ditzaket traktorearen gainean. Baina kanpaina garaian tope-tope nabilen batean, 17 ordu sartu izan ditut jarraian, baina hori egun puntualetan izan ohi da.

Egiten dituzun lan guztien arten zein da zure gustukoena?

Ez dut lan bat zehazki esateko. Neguan oso polita izaten da purina eta simaurra zabaltzea. Udaberrian, belarra zabaltzeko garaia izaten da, eta hori ere lan oso polita izaten da. Horren ostean, artoa ereiteko txanda izaten da. Udaran belarra gutxitzen joaten denez, orduan pixka bat lasaitu egiten gara, baina udazkenean artoa biltzeko garaia etortzen da eta horren bueltan giro polita izaten dugu, lantaldean aritzen baikara, atoiarekin edota uzta biltzeko makinarekin. Umore onean egiteko lana izaten da. Adibidez, lehen enpresan lan egiten nuenean egunero lan berdina egiten genuen, baina baserria polita da egunero lan desberdin bat egiten duzulako.

«Arazoa errentagarritasunean dago; makina oso garestia eta, gure kasuan, esnearen prezioa dagoena da»

Nekazaritza mundua asko aldatu dela uste duzu?

Nekazaritza mundua asko modernizatu da. Txikitan baserrian lanean hasi ginenetik gaur arte salto handia egon da. Makinak asko modernizatu dira, eta arazoa errentagarritasunean dago; makina oso garesti dago eta, gure kasuan, esnearen prezioa dagoena da. Gu, baserritarrok pixkanaka modernizatzen goaz, baina zenbakiak ateratzen asko kostatzen da eta oso lan lotua da, gainera. Egun osoan lanean pasa ostean, etxera joan eta mobilarekin ere lanean jarraitzen dugu, ea zein nobedade ikusten dugun eta abar. Uneoro berritu nahian gabiltza, eta ikasten.

Horren adibide ere bada duela gutxi Finlandian dagoen Valtra fabrikara egin zenuen bidaia, ezta?

Bai, Valtra etxekoek gonbidatu gintuzten hara joatera. Bezero fidelak gara eta Hondarribiko Mugarrieta baserriko Ion Areitiorekin batera joan ginen. Hura ere laguna eta influencerra dugu eta bidaia horretako bideoak egin zituen.

Zer moduzko esperientzia izan zen?

Oso esperientzia polita izan zen. Helsinkin izan ginen aurrena, eta ondoren, Suolahti Valtra fabrikan egon ginen. Valtra fabrikakoen produktuak probatzeko aukera izan genuen, eta asko disfrutatu genuen. Gainera, neguan joan ginen, dena elurtuta zegoenean, eta oso polita izan zen. 

Ion Aireitio aipatu duzu. Noiz hasi zen zuen arteko harremana?

Ionekin urte pare bat daramazkit artoa ereiten eta biltzen, eta gero, Valtra etxekoek traktore bat probatzeko utzi ziguten, eta hortik nahigabeko harremana sortu zen. Iazko urtetik esango genuke horretan gabiltzala, makina batzuk probatzen eta bideotxoak egiten. Bideo kontuetan ez naiz oso trebea baina makinak probatzea asko gustatzen zait. Bakoitza bere jardunean ondo moldatzen da, eta emaitza polita lortzen dugu. Bideoen bidez publizitatea egiten dugu, baina mundu honetan dagoen lana ere erakusten dugu. Egia esan, gaur egun, baserri mundua sare sozialetan geroz eta gehiago ikusten da. Gazteria asko ari da biltzen eta markentzat hori ere baliagarria da, inbertsio minimo bat egitea beharrezkoa baita. 

Mundu honetan hasi nahi duen bati zein gomendio emango zenioke?

Baserri mundua gustatzen bazaio eta ilusioa badu, probatzeko esango nioke. Ez da erraza zerotik hastea, baina etxean bizitu badu eta jarraipena eman nahi badio, probatu dezala. Eskola garaian nik mekanizatuko gradua ikasi nuen eta hori utzi nuenean beldur handia izan nuen: «Ea honek ez duen biderik izango!». Baina gero ez da horrela izan. Gogoa eta ilusioa baldin badaukazu probatu ezazu, betiere beste aukera batzuk egongo dira eta.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!