Asteasuko Azoka antolatu du udalak datorren irailaren 28rako. Ohi bezala, elikagai eta artisautza postuak egongo dira, ganadua ere eramango dute bertara eta animazioa egingo da egun osoan zehar.
Azoka eta ganadu erakusketaren irekiera 10:00etan egingo dute eta goizean zehar hainbat ekintza egingo dituzte: herriko kalabazen erakusketa, garai bateko baserrietako materialena, perratzaileen lanak eta haurrentzako asto ibilaldiak egingo dira. Txekor-erre pintxoak ere banatuko dituzte eta 12:00etan arroz esne lehiaketaren sari banaketa ekitaldia egingo dute. Ordubete beranduago, asto erakustaldia eta asto ederrenen epaia emango da. 14:30ean itxiko dute azoka eguerdian.
Udalak ohartarazi du autoen aparkalekua industriagunean egongo dela, eta goiz guztian zehar handik plazara joateko autobus zerbitzua eskainiko dela.
Arratsaldean jai eguna amaitzeko Jone Uria eta Julene Otegi trikitilariak arituko dira erromeria eskaintzen.