Amaitu dituzte Pello Errota ikastetxeko estalki termikoa birgaitzeko lanak. Hiru jarduera nagusiren bitartez, eraginkortasun energetikoa hobetzea lortu dute. Alde batetik, fatxadari isolamendu termikoa jarri diote, bero-galerak murrizteko eta barneko erosotasuna hobetzeko; kanpoko arotzeria eta beirak ere ordezkatu dituzte, errendimendu termiko eta akustiko handiagoko elementuak baliatuta; eta, amaitzeko, energia kontsumo konbentzionala murriztuz, eguzki-energia termikoko instalazioa egin dute, ur bero sanitarioaren eskariaren % 30 estaltzen duena.
Hobekuntza hauei guztiei esker, Asteasuko Udalak esan du eraikinak optimizazio energetiko nabarmena lortu duela, energia primario ez-berriztagarrien kontsumoa % 42,3ra murriztuz.
Interbentzio honek eraikinaren energia-kalifikazioa bi mailatan hobetu du –E letratik C letrara–, eta, udalak esan du CO2 emisioen murrizketa «esanguratsua» ekarri duela, «jasangarritasunaren eta klima-aldaketaren aurkako borrokarekin konpromisoa indartuz».
Udalak ez du oraingoa eraginkortasun energetikoarekin eta zerbitzu publikoen hobekuntzarekin duen konpromisoa eta eskolan egindako esku-hartze honekin bide horretan sakondu nahi izan du: «Inbertsio honek ez du soilik ikasleen eta ikastetxeko langileen erosotasun termikoa hobetuko, baizik eta aurrezpen ekonomikoa eta Europako klima-helburuekin bat datorren ekarpen zuzena suposatuko du», adierazi dute udal arduradunek.
Europak finantzatua
Ekintza DUS 5000 programaren finantzaketarekin bitartez egin dute, Next Generation Espainiako gobernuaren eta Europar Batsunaren Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan.
DUS 5000 programa erronka demografikoa duten udalerriei zuzendutakoa da eta helburua du, energia berriztagarrien eta mugikortasun iraunkorrean egindako inbertsioekin trantsizio energetikoa sustatzea.