Asteasuko jaiak 2025

Festen balorazio baikorra eta hainbat hobekuntza proposamen egin dituzte herritarrek

Ataria 2025eko uztailaren 23a

Jai egunen oreka, giro herritarra eta zerbitzuak ondo baloratu dituzte herritarrek, eta datorren urteko jaiei begira, tortilla lehiaketa, hamaiketakoa edota umeen eguna birplanteatzeko beharra azpimarratu dute.

Asteasuko San Pedro jaien inguruko balorazioa egin dute herritarrek eta aurrera begirako hobekuntzak planteatu. Uztailaren 10ean egindako bileran jasotako iritziak eman ditu ezagutzera udalak.

Balorazio positiboa egin dute herritarrek, oro har, jai egunen orekaz, giro herritarraz eta baita zerbitzuez ere; ondo baloratu dituzte txukuntasuna, komunak eta autobus zerbitzua. Karaokea eta barrikote morea ondo ikusi dituzte eta herriko artistak oholtzan ikustea oso positiboki baloratu dute. Kontzertuen arrakastaz ere hitz egin dute herritarrek, nahiz eta genero oreka falta eta musika estiloen aniztasunari buruzko askotariko iritziak agertu.

Tortilla lehiaketa eta hamaiketakoa bezalako ekitaldiek «egokitzapen» beharra dutela eman dute aditzera bilerara gerturatutako herritarrek eta eman dituzte hainbat ideia umeen eguna birplanteatzeko.

Amaitzeko, parte hartze eredua berrikusteko beharra ere jarri dute mahai gainean. 2026ari begira, parekidetasuna, aurrekontuak eta sarreren kudeaketa bezalako gaiak sakon aztertu behar direla esan eta herritarrek geroz eta protagonismo handiagoa hartu behar dutela nabarmendu dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!