Eneko Garin eta Amagoia Iribar izan dira azkarrenak

Leyre Carrasco 2025eko uztailaren 13a

Santamañako XXIII. Kros Igoera izan dute goizean jokoan Asteasun, eta guztira 78 parte hartzaile izan dira. Aurretik, ekainean zendu zen Joxe Migel Irazu herritarra omendu dute herriko plazan eta lore sorta eskaini diote haren senideei.

Ohi moduan, herrigunean bi itzuli egin ostean, Santamañara igo dira korrikalariak. Giro sargoriarekin hasi dute lasterka, baina haize freskoagoa aurkitu dute korrikalariek ermitaren inguruan. Guztira, 78 korrikalari izan dira aurtengo edizioan, baina helmuga zeharkatzen lehenak izan dira Eneko Garin billabonatarra eta Amagoia Iribar.

Sailkapenarekin pozik agertu da Garin, iazko postua hobetzea lortu baitu. Modu horretan, 28 minutu 37 segundoko denborarekin zeharkatu du helmuga billabonatarrak, eta atzetik izan ditu Ibai Makazaga (28:53) eta Aimar Esteban (28:58).

Emakumezkoetan, berriz, Amagoia Iribar korrikalaria izan da garaile, 35 minutu eta 48 segundoko denborarekin. Minutu gutxi batzutara iritsi dira Amaia Insausti (37:30) eta Itziar Ibarbia alkizarra (37:45) helmugara.

Herritarrek ere ez dute hutsik egiten Santamañako proban, eta aurtengo edizioan ere asteasuar ugari animatu dira. Lehen gizonezko herritarra Jon Zubeldia (31:30) izan da, eta lehen emakumezko herritarra, berriz, Maialen Otegi (40:55) izan da.

SAILKAPENAK

Gizonezkoak

  1. Eneko Garin, 28:37
  2. Ibai Makazaga, 28:53
  3. Aimar Esteban, 28:58

Emakumezkoak

  1. Amagoia Iribar, 35:48
  2. Amaia Insausti, 37:30
  3. Itziar Ibarbia, 37:45

Herritarrak

  • Gizonezkoa: Jon Zubeldia, 31:30
  • Emakumezkoa: Maialen Otegi, 40:55

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!