LAB sindikatuari arrazoia eman dio epaileak, Asteasuko Bost enpresaren aurka aurkeztutako helegitean

Ataria 2025eko uztailaren 12a

Asteasuko Bost Machine Tools Company SL enpresako langileen protesta. Iturria: LAB.

Enpresa horretako langile batek bizia galdu zuen, 2023ko uztailean, Gasteizko Talleres Aratz enpresan lanean ari zela. «Erantzukizuna ez dagoen lekuan jartzen saiatu da enpresa, eta hori, guztiz onartezina da», esan du sindikatuak.

2023ko uztailaren 21ean, 33 urteko tolosar bat hil zen Gasteizko Talleres Aratz enpresan lanean ari zela. Gaztea, Asteasuko Bost Machine Tools Company SL enpresako langilea zen. Handik egun gutxira, elkarretaratzea egin zuten Asteasuko lantegiaren aurrean, eta LAB sindikatuak honakoa adierazi zuen: «Istripu hauek ematen baldin badira, makinen araudia eta orokorrean lan osasun araudia betetzen ez delako da».

Langilea hil zenetik, enpresa batzordearen «lehentasuna» etorkizunean egon zitezkeen arrisku egoerak prebenitzea izan zela adierazi du LABek, «ezin baitzuen onartu beste langile batek bere bizia galtzea lanpostuan».

«Enpresak jazarpen sistematikoa abiatu zuen, gezurrak, akusazio faltsuak, errespetu faltak eta enpresa batzordeko kideei egindako irainen bitartez. Enpresak, bere jabeetako baten eta gerentearen bidez, gure arduradunari penalki zigortuta dauden hainbat ekintzetan parte hartzea leporatu zion, eta mespretxuzko zenbait aipamen egin zituzten. Zehazki, gerentea sindikatura gerturatu zen, eta delegatuari enpresako hainbat auto erre eta instalazioetan pintada batzuk egitea leporatu zion, eta sindikatuari honen inguruan zerbait egitea eskatu zion», adierazi du LABek.

Bestalde, sindikatuak salatu du enpresako jabeak bilera batean «zenbait aldiz iraindu» zuela arduraduna. «Gure arduraduna epaitegira joan zen, enpresaren eta horien agintarien jarrerak bere oinarrizko eskubideen urraketa suposatzen zuela salatzeko, besteak beste, askatasun sindikalarena», esan du LABek. «Bada, epaileak arrazoia eman dio arduradunari, eta salatuen jarrerak langilearen ohorea, intimitatea eta irudia urratu duela berresten du, difamazio baten aurrean gaudela argudiatuz», gaineratu du sindikatuak.

Horrez gain, LABek azaldu du «akusazio hauen aurrean epaileak azpimarratu duela enpresak ez duela bestelako akziorik abiarazi, ez langilearekiko, eta Ertzaintzan ez duela salaketarik jarri. Bestalde, prebentzio arduradunaren figuran oinarrituta, askatasun sindikalaren eskubidearen urraketa ere berretsi du». Langileak eskatutako indemnizazioa ere onartu du epaileak. «Eta horren guztiaren erantzule, enpresa ez ezik, jabea eta gerentea ere badira».

«Erantzukizuna ez dagoen lekuan jartzen saiatu da enpresa, eta hori, guztiz onartezina da, are gehiago, lankide bat lan istripu batean hiltzen denean. Tamalez, horretan ari da enpresa langilea hil zenetik», adierazi du LABek. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!