Asteasuko jaiak 2025

Suziriarekin batera lehertu da festa Asteasun

Ataria 2025eko ekainaren 26a

Pili Legarra alkateak bota du San Pedro festak abiatzeko txupina. Astelehen arte iraungo dute Asteasuko jaiek.

Hasi dira Asteasuko San Pedro festak ofizialki. Udaletxeko balkoira egin du salto sorginak zortziak aurretxoan eta handik egin die kasu plazan bildutako herritarrei. Goxokiak banatu ondoren, aurtengo jaiak abiatzeko suziria pizteko ohorea izan duen Pili Legarra alkateak hartu du hitza. Aurrez iragarria zuen bezala, legealdi erdia egin ondoren utziko du kargua eta aurtengoak dira, beraz, alkate bezala biziko dituen azkeneko sanpedroak. Horregatik egin nahi izan dio aitortza festa batzordeak eta eskertuta jaso du keinua Legarrak.

«Eskerrik asko Pili urteotan guztiotan egindako lanagatik eta jarritako ilusioagatik. Asteasu zorretan geratzen da zurekin, eta hemendik aurrera ere gure aldamenean nahi zaitugu, aginte makilaren atzean ez bada ere», esan dute festa batzordeko kideek udaletxeko balkoitik.

Txupinazora bildutako herritarrei hitz batzuk eskaini nahi izan dizkie alkateak: «Esker ona eta maitasuna banatu nahi dizkizuet xamurtasunez. Eskerrik beroenak eman nahi dizkiet nirekin egon diren zinegotzi guztiei, bidelagun izan ditudan talde eta norbanako askori eta bereziki herritarrei eskerrik asko, beti errespetuz hartu nauzuelako». Ziklo bat itxi duela aipatu du Legarrak udaletxeko balkoitik; 2011n bota zuen txupinazoa alkate jarri zenean eta orain kargua uztera doanean berriro aukera bera emateagatik eskertuta agertu zaio festa batzordeari. «Gogoratu ibilbide honetan ondo egindakoak eta barkatu asmatu ez ditudanak. Beti aritu naiz herria maitatuz eta ahalik eta ondoen egin nahian».

Behin festak hasita, kalejiran ibili dira asteasuarrak buruhandi, erraldoi eta herriko txistulariekin, ondoren, elkarrekin afaldu dute herriko plazan. 288 herritarrek eman dute izena afarian.

Laskotxaranga eta karaokea izango dira festen lehen eguna amaitzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!