Asteasuko jaiak 2025

«Nire ibilbideari itxiera gozatsu bat emateko aukera bezala bizi dut»

Jon Miranda Labaien 2025ko eka. 26a, 07:59

Pili Legarra alkatea eta Joxe Ramon Aiertza festa batzordeko kidea, udaletxeko balkoian.

Sorgina jaistearekin batera hasiko dira gaur Asteasuko jaiak. Pili Legarra alkateak botako du txupinazoa, festa batzordeak horrela erabakita.

2011n talde berriak hartu zuen Asteasuko udal gobernuaren ardura, Pili Legarra buru zuela. Udal talde hark bota zuen txupinazoa urte hartan, baina ordutik aurrera, festa batzordeak erabakitzen du herriko zein talde edo norbanakok piztuko duen jaien hasierako suziria. Uda ondoren kargua utziko duen alkateari ohore hori ematea erabaki dute aurten.

Zergatik erabaki du festa batzordeak txupinazoa botatzeko aukera Pili Legarrari ematea?

Joxe Ramon Aiertza: Festa batzordean urtero pertsona ezberdinen izenak ateratzen dira. Alkate bezala azkeneko urtea duenez, gure artean pentsatu genuen aproposa izan zitekeela Piliri txupinazoa botatzeko ohore hori ematea. Erabateko adostasuna izan genuen.

Nola jaso duzu proposamena, Pili?

Pili Legarra: Erabateko sorpresaz. Udal taldeko bilera batean esan nien kideei txupinazoa zeinek bota erabakitzeko berandu zebiltzala festa batzordekoak. Sekretua denbora gehiagoan ezin gorde eta orduan esan zidaten jada erabakita zegoela eta ni aukeratu nindutela. Ezustekoa izan da niretzat, baina oso pozik hartu dut.

Unea baliatuko duzu mezuren bat zabaltzeko?

Legarra: Bai. Txupinazoa botako dudala esan zidatenetik buruari eragiten aritu natzaio eta, azkenean, lehengo astean prestatu nituen hitz batzuk. Ez dut inprobisatuko. Aurrez aurreko agur bat egiteko aukera emango dit momentuak eta horretarako aprobetxatuko dut. Baditut hainbat mezu herriari luzatu nahi dizkiodanak. Agur bat bezala biziko dut eta oso polita iruditzen zait despedida festa giroan egin ahal izatea. Prozesu guztiek dute irekiera bat eta itxiera bat; 2011n udal talde berriko kide bezala txupinazoa bota nuen, eta orain alkatetza uztera noala berriro izango dut aukera. Nire ibilbideari itxiera gozatsu bat emateko aukera bezala bizi dut.

Urteotan zer moduzkoa izan da festa batzordearen eta udalaren arteko harremana?

Legarra: Oso ona. Udal batek ondo funtzionatzeko parte hartzeari ateak ireki behar dizkio. Ez da berdina ekimenak udaletik bakarrik antolatzea edo herritarrengandik eskaerak jasotzea. Erabakiguneetan parte sentitzen bazara, festak zureagoak sentituko dituzu. Niretzat nahitaezkoa da batzorde bat osatzea, eta ez soilik talde edo elkarteak, norbanakoak eta umeak ere parte hartzea bertan. Jaiak behetik gora antolatu behar dira.

Aiertza: Ados nago, beti harreman ona izan dugu elkarren artean. Kultura zinegotziak eta teknikariak festa batzordean parte hartzen dute, eta haiekin batera herriko elkarte eta talde ezberdinak eta norbanakoak gaude. Gazteak, helduak, askotariko herritarrak biltzen gara eta denen artean antolatzen ditugu jaiak.

Nahikoa jende biltzen al da festa batzordean?

Aiertza: Beti estimatuko genuke jende gehiago, baina urtero egiten den deialdiari jendeak erantzuten dio; 15-20 lagun elkartzen gara. Urte hasieran hasten gara dena prestatzen eta lan gehiena musika taldeak erabakitzeak eta haiek kontratatzeak ematen du. Aurrekontu batean kabitu behar izaten dugu eta bideragarri diren talde horien artean hautatzeko bozka txanda bat zabaltzen dugu. Adostea ez da erraza izaten, talde asko baitago eta herritarren artean hainbat gustu izaten baitira, baina moldatzen gara dena den. Gero aparteko antolaketa eskatzen du Kuadrillen egunak, oso jendetsua izaten baita eta horretarako, bai, 70 lagunetik gora biltzen gara.

2011n udalean sartu zinetenean baino festa parekideagoak izango dira 2025ekoak?

Legarra: Hori da nahia. Herriko emakume taldearekin parekidetasuna lantzen hasten garenean, indar gehiena biolentzia matxistaren kontu horretan jartzen dugu, herrian ez dadin inolako erasorik egon. Iruditzen zait gaia beldur pixka batekin tratatzen ari garela eta buelta bat eman beharko geniokeela. Nire ustea da kalean ibiltzeko 2011n baino beldur handiagoa dugula gaur egun eta hori ari garela transmititzen emakume gazteei. Elkar zaintzan egin behar da ahalegina, gune seguruak sortu behar ditugu, noski. Herriko emakume taldeak norabide horretan lan handia egin du azkeneko urteetan baina hasi behar dugu kaleak gureak ere badirela aldarrikatzen, eta eskubide hori bermatu dadila eskatzen, ez bereziki beldurretik.  Iruditzen zait, aurrera begira, beste pauso bat eman beharko genukeela.

Ardura handiarekin bizi dituzu festak?

Legarra: Bai, beti daukazu ardura. Nik pertsonen arteko iskanbilak gaizki bizi ditut eta horrekin egoten naiz kezkatuta.

Nola biziko dituzu aurtengoak?

Legarra: Aurtengorako ez dut asmo berezirik, beti bezala, jaiak ardurarekin biziko ditut, baina saiatuko naiz nire burua goxatzen. Eta presente izango dut kontu hori: datorren urtetik aurrera lasaitasun handiagoarekin biziko ditut festak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!