Asteasuko jai batzordeak, emakume taldeak, udalak, txosna herrikoiak eta hainbat herritarrek herriko festetan erasorik gerta ez dadin baliabide guztiak jartzeko prest daudela adierazi dute gaur herriko plazan, eta ohartarazi dute, gertatuko balitz, merezi duen erantzuna emateko antolatuko direla.
Eragileek deia luzatu diete herritarrei emakumeren bat laguntza premian ikusiz gero, hari lagundu diezaioten. «Bakarrik ezin baduzu, eskatu laguntza, baina esku hartu ezazu, behar ez den lekuan esku-sartzen ari den erasotzailearen aurrean. Isiltasunak matxismoaren eta erasotzaileen konplize bihurtzen zaitu», esan dute irakurritako adierazpenean.
Norbera bere jarreren eta jokaeren erantzule egiteko eskatzearekin batera, azpimarratu dute alkohola eta drogak ez direla baimenik gabe erasoak egiteko aitzakia eta norberarena dela festa guztiontzat egiteko ardura. «Guretik eta guretzat antolatutako jaiak izatea nahi genuke, festa alaiak eta lasaiak. Errespetua eta elkarbizitza osasuntsuan oinarritutako lagunarte bat eskatzen dugu. Kaleak, plaza, taberna, txosna... guztiontzat leku seguruak izatea bermatu behar dugu, eta ez, hori ez da, soilik, emakumeon borroka, guztion zeregina eta betebeharra baizik. Berdintasunak alde biko helburua izan behar du». Eskubideen aldeko defentsa eta manifestua dela azpimarratu dute gaur hitza hartu dutenek: «Gureak ez dira eskaera soilak, herritar batzuen kapritxoak edo burugogorkeriak, gure eskubideen alde ari gara».
Asteasuarrek bere egin dute, aurten, Tolosaldeko Mugimendu Feministak sortu duen leloa: Festetan zein bestetan, babesa ezinbestean. «Ez hemen eta ez inon, ez San Pedro festetan, ezta beste zernahi festetan ere, ez dugu jazarlerik, iraintzailerik, ukitzailerik, bortxatzailerik edo matxistarik nahi gure inguruan», esan du Pili Legarra alkateak.
Kezka agertu du, aldi berean, geroz eta jarrera heteropatriarkalagoak eta erasokorragoak ikusten baitira gure artean. «Estatistikek diote gazteen artean homofobiak, arrazismoak eta matxismoak gora egin dutela. Emakume, gorputz disidente, arraza eta azal kolore aniztasunaren kontrako oldarraldia oraindik ez da atertu».
Samara Velte idazle eta kazetariak idatzitako liburuan oinarrituta, urteotan zabaldu den Nik sinesten dizut leloari egin diote erreferentzia agerraldian eta eragileek esan dute nahiago luketela inoiz Asteasun horrelakorik esan beharrik izango ez balute; ez dute behin ere beren burua Nik sinesten dizut esateko ataka horretan ikusi nahi, eraso egin dioten emakume bati begirunea, ulermena, zaintza eta sinesgarritasuna adierazteko.