Asteasuko jaiak 2025

Erasorik gabeko jaiak aldarrikatzeko argazki jendetsua aterako dute

Ataria 2025ko eka. 18a, 11:57

Ekainaren 20an, 19:00etan Asteasuko plazan egingo dute argazkia. Txosna herrikoiak, udalak eta emakume taldeak egin dute deia, ez jaietan, ez inoiz, erasorik ez dutela onartuko adierazteko.

Aurki hasiko dira Asteasuko San Pedro festak. Jazarpenik gabeko herri more bat eraikitzeko eta ez festetan, ez beste inoiz erasorik onartuko ez dutela adierazteko argazki jendetsua aterako dute, ostiralean, 19:00etatik aurrera herriko plazan. Asteasuko Udalak, Txosna herrikoiak eta emakume taldeak egin dute argazkirako deia.

«Guretik eta guretzat antolatutako jaiak izatea nahi genuke, baina festa lasaiak eta alaiak izateko ezinbestekoa da elkar errespetatzea. Errespetua eta elkarbizitza osasuntsua dira herri baten ardatz». Kaleak, plaza, taberna eta txosna guztiontzat leku seguruak izatea bermatu nahi dute: «Hori dela eta, umorea eta U-morea jarri ditzagun gure jokaera guztien oinarrian. Ez dugu inolako erasorik onartuko. Ez festetan eta ezta egutegiko beste zeinahi egunetan ere».

Norbera bere jarrera eta jokaeren erantzule izateko deia luzatu dute, «festak guztiontzat izatea, norbere ardura baita».  Jazarpenik gabeko herri more bat eraikitzeko, argazki jendetsuan parte hartzera animatu dituzte herritarrak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!