Eguraldi onarekin batera, asteasuarrek eta inguruko bisitariek kirola eta aisialdia uztartzeko aukera izango dute udal igerilekuan. Aurtengo udan ere zabalik izango da, ekainaren 14tik irailaren 7ra, egunero, 11:00etatik 20:00etara.
Bonuak eskatzeko edo berritzeko epea ere zehaztu du udalak. Asteasuarrek ekainaren 2tik aurrera egin ahal izango dituzte eskaerak, eta, soberako bonurik balego, beste herrietakoek ekainaren 9tik aurrera izango dute horiek eskuratzeko aukera. Prozesua egiteko, eskaera orria behar bezala beteta aurkeztu beharko da —Asteasu.eus webgunean eskuragarri—, eta aurreko urteko txartelak ere eraman beharko dira. Ordainketa unean bertan egin beharko da, eskudirutan, txartel bidez edo Kutxabanken kontu korrontean egindako diru sarreraren egiaztagiria aurkeztuta.
Prezioei dagokienez, 0-3 urteko haurrek doako sarrera izango dute, eta helduen denboraldiko abonua 79 eurotan ezarri da. Familia bonuek tarifa ezberdinak izango dituzte seme-alaba kopuruaren eta familien egituraren arabera. Bestalde, aurreko urteko txartela galdu dutenek 5 euro ordaindu beharko dituzte berria eskuratzeko.
Udalak gogorarazi du familia bonurako, seme-alaben adina egiaztatzeko familia liburua edo elkarbizitza ziurtagiria aurkeztu beharko dela, eta 16 urtetik gorakoak heldutzat hartuko direla unitate familiarretik kanpo, familia ugarien kasua izan ezik.
Zehaztasun guztiak honako dokumentuan eman ditu udalak: