Jaizkibel Konpainiak ematen duen Hondarribia Berdintasun Hiria saria Teresa del Valle zenak jasoko du. Ostiralean, maiatzaren 30ean, Hondarribiko Itsas Etxean egingo dute ekitaldia 18:30ean hasita eta bertan omenduko dute Asteasun bizi izandako antropologoa.
Euskal Herrian antropologia feministaren atea zabaldu izana eskertu nahi dio konpainiak Del Valleri eta aitortu Euskal emakumea, irudia eta errealitatea ikerketarekin egin zuen aitzindaritza lana. «Bide hori harturik, gerora, dozenaka ikertzailek gure iruditeria eta analisi-gaitasuna hazi eta loratu dute», Jaizkibeleko kideen esanetan. Sari emate ekitaldian haren ondorengoak ere omendu nahi dituzte, Antropologia Feminista Ikerketa Taldeko kideak hain zuzen, Del Valleren ondarea zaindu ez ezik, zabaldu eta aberasten jarraitu dutelako.
«Euskal antropologia feministak tresnak eman dizkigu gure errituak, gure jaiak, gure gizarteak aztertzeko. Batzuek errealitate estankoak ikusi nahi zituzten tokian, haiek hariari tira egin diote, historiaren matazari so, erakutsi dute gure ustezko tradizioak une historiko bakoitzeko behar sozialetara egokitzen diren eraikuntzak direla. Eta ez digute soilik atzera begiratzen erakutsi, oraina ulertzen lagundu digute, etorkizuna eraldatzen saiatzeko», esan du Hondarribiko Alardean parte hartze parekidea bultzatzen duen konpainiak.