Pili Legarra Asteasuko alkateak azaldu duenez, «gune honekin merezi duen omenaldia egin nahi diogu Bernardo Atxagari. Liburuez gain, berak idatzi eta beste batzuk abestutako kantak ere jaso dira. Eta, noski, bere ahotsa grabatu da, Muskerraren Bidearen geldiuneetan». Harreragunea Muskerraren Bidea osatzera datorrela gaineratu du: «Egin den lana ondare garrantzitsua izango da, eta etorkizuneko idazleak sortzeko balioa izatea ere nahiko genuke».
Bere aldetik, Andu Martinez de Rituerto Tolosaldea Garatzeneko lehendakariak «turismo jasangarria» aipatu du: «Mundu globalizatu honetan, batzuetan ematen du hiri batera edo beste batera joan gauza bera dela, ez bada monumentu bereizgarri batzuengatik. Gaur euskal kultura nabarmentzen duen Muskerraren Bidea aberasten duen espazio hau inauguratzera goaz, eta osotasun bat emango dio Muskerraren Bideari. Gure mundua ezagutarazteko aukera paregabea da bai Muskerraren Bidea, eta baita harreragune hau ere».
Jackes Agirrezabal Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Merkataritza sailburuordeak gehitu duenez, Atxaga «landa eremu hauei beste ahots bat ematen saiatu zarela diozu, eta zer garrantzitsua den hori. Turismo ikuspegitik, herri honek dituen gauza erakargarri guztiak munduan zehar zabaltzerakoan erraztasuna eman digu. Gaur egun esan dezakegu, jendea hona etortzen dela ez inoren kopia garelako, guk hemen duguna benetakoa delako, eta hori jende askoren lana da eta errekonozitu beharra dago». Bide batez, kultura motibazio bezala duten turistak «beste turistak baino hobeak» izaten direla esan du, «eta horiek beti besoak zabalik hartzen ditugu».
Obabakoak obran estralekuei buruz idazten du Atxagak, eta harreragunea estraleku bat izango ote den galdetu diote. «Hala izan beharko luke eta denborak laguntzen baldin badigu, hala izango da», erantzun du Atxagak. «Eta, zalantzarik gabe, estraleku bat izango da, beste mundu batean sartzen garenean beste esanahi batzuk eta beste albiste batzuk eskaintzen dizkizun leku batean sartzen zarelako». Bide batez, hori horrela izan dadin, «ahalegin guztia» egingo duela gaineratu du.
Harreragunearen testuingurua
Asteasuko udalak 2015. urtean sortu zuen Muskerraren Bidea Donostia 2016 kultur hiriburutzarekin lankidetzan. Horrela zioen Bernardo Atxaga: «Idazterakoan, askotan, lur bat behar duzu, kale bat, auzo bat, eliza bat, etxe bat behar duzu eta hoberena da abstraktuki pentsatu beharrean, modu zehatz eta konkretuan pentsatzea. Eta etxe bat esatean, etxe jakin bat izatea gogoan. Alde horretatik, Asteasu izan da Obaba lurraldearen atzean dagoen herria».
Obabaren inguruan sortutako unibertso literarioa beste hainbat argitalpenetan agertzen da; esaterako, Sugeak txoriari begiratzen dionean (1989) edota Bi anai (1995) lanetan. Ondare hori guztia dibulgatzeko helburuarekin, Asteasuko herrigunean bi kilometroko ibilbidea osatzen duen Muskerraren Bidea sortu zuten Bernardo Atxaga eta Asteasuko Udalak elkarlanean. Tokiko informazio zabalarekin zazpi interpretazio-panel daude jarrita, testu, ilustrazio, mapa eta argazkiekin.
Bernardo Atxaga Asteasun jaio eta bertan bizitu zen 12 urte bete arte. Obabakoak mundu osoan ezagun egin den alegiazko lurralde literarioa inspiratu zuen parajeak bertatik bertara ezagutzeko bidea da hain zuzen, Asteasuko Muskerraren Bidea.
Tolosaldeko Turismo Jasangarriko Planaren baitan egin den interbentzioa
Tolosaldeko Turismo Jasangarriaren Planaren exekuzioan aurrera doaz eta plan honen 4. Ardatzeko (Lehiakortasuna), 1. ekintzaren baitan, hau da, Eskaintza kultural turistikoa sortzea eta hobetzea ekimenaren baitan egin den azken proiektua da Muskerraren Bideko harreragunea sortzea.
Kutsidazu bidea, Ixabel ibilbidea sortu eta Larraulgo ekomuseoa digitalizatzeko lanak egin dira lan lerro horretan, Muskerraren Bideko harreragunea atontzearekin batera. Guztira, 232.334,16 euroko aurrekontua izan dute hiru ekintzek, %100ean Europako funtsek finantzatuta. Tolosaldeko Turismo Jasangarriaren Plana Euskadiko Helmugako turismo- Jasangarritasuneko lurralde-planaren baitan dago. Plan hori Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparrukoa da eta Europar Batasuneko Next Generation Funtsak dira finantzatzaileak.
Landa inguruneko herrietako bizitza eta euskal nortasunari lotutako eskaintza sortu eta hobetzea zen helburua. Teknologia berrien erabilera eskaintza hauetan txertatu nahi zen, interpretazioa, kudeaketa eta merkaturatzea hobetzeko. «Proiektu honekin, helburu horiek bete ditugula esan dezakegu», azaldu dute Tolosaldea Garatzenetik, «Muskerraren bideko harreragunean ikus-entzunezkoa sortu baita, bidea bera hobeto ulertarazteko eta webgune berri bat ere sortu da, egungo beharretara egokituta eta epe laburrean, erreserba motorra eta gunea bisitatzeko aukera eskainiko duena».
Muskerraren Bidearen harreragunea
Espazio berri honek, Muskerraren bidea osatu eta aberastu nahi du. Ibilbidearen beraren informazio xehatua izateaz gain, Bernardo Atxagaren bibliografia egongo da ikusgai eta baita bere lan ibilbide osoa ere.
Asteasuko udaletxearen azpiko lokala egokitzeko lanak egin dira. Aurretik zatitua zegoen espazioa erabat eraberritu da harreragunea bertan ezartzeko eta ondoren, espazio jantzi da informazio panel, liburuak eta pantailekin. Bestalde, audiobisualak eta ukipen pantailara egokitutako materialak sortu dira.
Muskerraren Bidea egiteko erabakia hartu aurretik, bertan zer aurkitu dezakeen azaltzen duen webgune berri bat sortu da, Muskerrarenbidea.eus, proiektu osoaren iruditeriarekin bat egiten duena. Epe laburrean izango du prest erreserba sistema.
Espazio berrak ikastetxe taldeak naiz norbanakoak artatzeko balioko du. Bisita gidatuak eskatzeko aukera mantenduko da, baina epe laburrean, norbanakoak espazioa bere kasa bisitatzeko aukera izango dute Internetez erositako sarrera baten bidez.
Espazio berrian, euskara eta literaturaren inguruko ekimenek lekua izatea nahiko luke Asteasuko Udalak, herrian bertan sorkuntza sustatzeko balio dezan.