Aurrerantzean harreragune propio bat izango du Asteasuko Muskerraren Bideak. Udaletxearen azpiko lokala egokitu dute horretarako eta, bertan, bisitariek eskuragarri izango dituzte ibilbideari buruzko azalpenak eta Bernardo Atxagari zein haren liburuei buruzko xehetasunak. Bihar aurkeztuko dute espazio berria.
«Ibilbidea osatzera datorren proiektu bat da; eta ematen dio nortasun edo osotasun bat. Atxagaren lana herrian ere kokatzen du, eta horren gordailu ere izan daiteke», horrela hitz egin du Asteasuko Pili Legarra alkateak gunearen inguruan.
Guneak sarraila elektroniko bat izango du eta bertara sartzeko kode bat eskuratu beharko dute bisitariek web orrialde baten bitartez. Hori horrela, jendeak bere kabuz bisitatu ahal izango du lekua, baina gidari bat eskatzeko aukera ere mantenduko dute.
Erreferentzia gune
Legarrak kontatu du bisitariak euren kabuz bertaratzen zirenean «galdu samar» sumatzen zituztela, eta hori konpontzeko osatu dute proiektua: «Jendea inertziaz herriko plazara joaten zen, eta ibilbidea Elizmendi auzoan hasten da. Guneak informazio orokorra ematez gain, orientatzeko ere balioko die».
Udaletxearen azpiko lokala egokitu dute harreragune izateko eta, horrela, hainbat elementu bildu dituzte bertan: informazio panelak Muskerraren Bideari eta Obabakoak liburuari buruz; Atxagaren eleberriak; eta hari buruzko informazio osagarria jasotzen duten pantaila interaktiboak.
Betekizun gehiago
Lokala «handi samarra» dela aurreratu du Legarrak, eta zehaztu du horren helburua dela espazioa «egokia» izatea ikasle taldeak ere erakartzeko: «Lekua ondo egokitu nahi genuen, balio izan dezan norbanakoentzat, bisitari taldeentzat zein ikastetxeentzat. Horrela ikasleak ere etorri ahal izango direlako bisitatzera».
Horrez gain, herriko alkateak gehitu du udaletxeak antolatzen dituen ekitaldietan espazioa erabiltzea aurreikusten dutela, eta gune «aproposa» izan daitekeela euskararen inguruko ekimenak ere antolatzeko: «Ea beste idazleren bat ere sortzen dugun herrian».
Finantzaketa elkarlanean
Harreragunea egokitzeko 11.000 euroko inbertsioa egin du Asteasuko Udalak, eta beste 111.000 euroko diru laguntza jaso du Europako Next Generation funtsetik.
Legarrak azaldu duenez Asteasuko Udalari Tolosaldea Garatzenen agentziaren bidez iritsi zaio diru laguntza: «Eskualde guztirako kopuru garrantzitsu bat lortu da. Kopuru horretan hainbat ildo daude lantzeko, eta horietako batean ondo kabitzen zen gure proiektua».
Muskerraren Bidea ibilbidearen proiektuarekin 2014an hasi ziren lanean eta 2016an jarri zuten martxan, Donostia Kultura programaren barruan. Harreragunearen lanketarekin, berriz, 2020an hasi zirela kontatu du Legarrak eta orduan Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hasi zirela elkarlanean, baina pandemiarekin geldirik geratu zela dena.