Euskara sustatzeko plan estrategiko berria diseinatzen ari dira

Ataria 2025eko maiatzaren 19a

Euskararen normalizazioan sakontzeko plana egingo du udalak; hasteko, euskararen inguruko hainbat galdera erantzuteko, galdetegia helarazi die herritarrei.

Asteasuko Udalak euskararen zabalkunde, garapen eta normalizazioan sakontzeko eta aurrera begirako erronkei egoki erantzuteko, AROA izeneko plangintza osatzeko asmoa du, herritarrekin eta eragileekin elkarlanean. Lehenengo pauso gisa, galdetegia zabaldu du herritarren artean euskarari buruzko galderekin. Arduradunek adierazi dute «azkar» betetzekoa dela, eta udalarentzat «ezinbestekoa» dela herritarren iritzia jasotzea.

Azken datu ofizialen arabera, asteasuarren %82,3ak euskaraz daki eta, kaleko eta etxeko erabileran jaitsiera egon den arren, herriko hizkuntza nagusi izaten jarraitzen du. «Euskaraz bizi da Asteasu, eta hala izaten jarraitzea nahi dugu», adierazi dute udal ordezkariek. Aldi berean, urteotan gertatu diren eta datozenetan gertatuko diren aldaketak azpimarratu dituzte: harreman ereduak, teknologia berriak edota biztanle mugimenduak, esate baterako. «Horiek guztiek zuzenean eragiten diote hizkuntzari, eta globalizatutako mundu honetan, ezinbesteko izango zaigu euskararen aldeko hautua egitea».

Alde horretatik erakundeek zer egina badutela azpimarratu dute udaletik, alegia, euskaraz egiteko aukerak zabaltzea eta bultzatzea, eta erraztasunak ematea herritar eta eragileei. Konpromiso hori hartu du Asteasuko Udalak eta horregatik ekin dio plan estrategiko berria diseinatzeari.

Lehenengo pausu bezala galdetegia betetzeko eskaera luzatu die herritarrei.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!