HILBERRIA

Dolua Asteasun Teresa del Valleren heriotzagatik

Ataria 2025eko apirilaren 9a

Asteasun bizi izan zen antropologo feminista eta bihar haren aldeko hileta elizkizunak bertako San Pedro parrokian egingo dituzte. Udalak ohar batean adierazi du herriak ez duela ahaztuko bere begirada eta lan oparoa.

Teresa del Valle ikerlari eta antropologo feminista zendu da. Emakumearen eta genero sistemen arloan ekarpen akademiko handia egin du. Asteasuko Udalak «aitzindari, erreferente eta pertsona aparta» bezala definitu du Del Valle: «Gure herriko kaleetan 21 urtez ibili zen, gure herria bihotzean zeramala, eta gaur herri osoak bihotzez agurtzen du».

Del Valle izan zen aitzindarietako bat antropologia feminista Euskal Herrira ekartzen: EHUko Emakumearen Ikerketa Mintegiaren sortzaile eta buruetakoa izana da. «Bere lanik sakonena eta iraunkorrena antropologiaren eta feminismoaren arloan utzi zuen, belaunaldi oso bat inspiratuz eta bide berriak irekiz», esan du Asteasuko Udalak sare sozialetan.

Bihar, ostegunarekin, Asteasun egingo da antropologo eta irakaslearen aldeko hileta elizkizuna, udalak jakinarazi duenez, «haren azken nahia betez». San Pedro elizan, 18:00etan emango diote azken agurra. Doluz eta «harrotasunez» agurtu nahi izan du Asteasuko herriak Del Valle: «Eskerrik asko Teresa, zure ekarpenagatik, zure presentziagatik eta zure maitasunagatik. Beti gure artean izango zara».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!