Bidean gehitu zitzaizkion senide, lagun eta herritar ugariren babesean iritsi zen helmugara igande eguerdian, Beñat Garcia Escribano asteasuarra. Joan den urteko urtarrilean abiatu zuen Fibromialgia abordatzen proiektua, eta geroztik, dozena bat kirol probatan parte hartu du, fibromialgia ikustarazteko eta ikerketarako dirua lortzeko helburuarekin. Igandean amaitu zuen proiektua, eta modu ezin hobean egin zuen, gainera: Gipuzkoari itzulia eman dio, korrika.
Ostiral iluntzean abiatu zen Donostiatik, eta berrogei ordutan 5.800 metroko desnibela duen 200 kilometroko ibilbidea egin ostean, igandean amaitu zuen Asteasun. Hunkituta iritsi zen herriko plazan zegoen helmugara eta esker hitzak izan zituen hiru egunetan ondoan izan zituen bidelagun guztientzat: «Erronka hau ez da soilik nirea, honen atzean jende asko aritu da lanean, denbora luzez, eta eskerrak eman nahi dizkiet. Gaixotasuna dutenei, berriz, borrokan jarraitu behar dugu».
Azken erronka honetaz disfrutatu egin duela eta orokorrean gustura sentitu dela esan du Garciak, baina momentu zailak ere izan dituela aitortu du: «Azken gauen asko sufritu dut loak eta nekeak eragin didatelako, eta azken mendikatea igo behar izan dudanean, Antzuolatik Zumarragarako bidean, Irimora igotzen asko sufritu dut. Denbora asko galdu dugu baina aurrera egin dugu».
Bidea «ondo» ezagutzen zuen arren, ez da bakarrik egon, eta laguntzaile ugari gehitu zaizkio ibilbidean zehar. Horiek beti markatutako denboren arabera gidatu diotela kontatu du Garciak, eta zenbait momentutan geratzeko beharra izan badu ere, horiek izan dira aurrera egiten lagundu diotenak. «Oinez erritmo nahiko azkarra neraman, eta korrika egiten nuenean trostan mantentzea asko kostatu zait. Hanketan min handia sentitu dut eta gogor eutsi behar izan dut. Laguntzailerik gabe hau oso desberdina izango litzateke», gaineratu du.
Ura eta edari isotonikoak soinean zituela egin ditu 200 kilometroak asteasuarrak. Hala ere, zazpi kilometroro furgoneta bat izan du zain, eta bertan, ura eta barra energetiko batzuk hartzeko aukera izan duela jakinarazi du. «50 kilometroro, berriz, zerbait solidoa jaten nuen, eta horrekin aurrera egiten joan naiz baina momentu batetik aurrera ez zitzaidan ezer sartzen eta platanoak bakarrik jan ditut».
Zailtasunak zailtasun, azkenean, erronka betetzea lortu du Garciak, eta herritar ugariren babesean eta hunkituta helmugeratu zen igandean. Behin Asteasuko plazara iritsita, merezitako omenaldia jaso zuen, eta esker hitzak izan zituen guztientzat, baita babesleentzat ere.
FIBROMIALGIA IKUSARAZIZ
Urtebete darama, fibromialgiaren, hurbiletik bizi duen gaixotasunaren inguruko informazioa zabaltzen. Kirol probatan ez ezik, sare sozialak ere baliatu ditu horretarako; nagusiki, Instagram eta Youtube —@pirata.garcia erabiltzailearekin bietan—. Fibromialgiaren aldeko kanpaina bat ere abiatu du GoFundMe plataforman eta dagoeneko 1.910 euro bildu ditu.
Asteburuan ere aldarrikapen mezuak utzi ditu Gipuzkoako zenbait herritan eta edozein gaixotasun jasaten ari den pertsonarekiko «enpatia» eta «errespetua» eskatu ditu: «Kasu honetan, fibromialgiarengatik egin dugu, baina ez dugu epaitu behar kalean ikusten dugunarekin, ez baitakigu zenbat ari den sufritzen».
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!