Herniora azkarren igotzen dena sarituko dute igandeko proban

Ataria 2025ko mar. 12a, 11:59

Pasa den urteko probaren parte hartzaile bat, lasterka.

Anttine Trail mendi lasterketa egingo dute hirugarrenez, Iturrioztik Herniora igoz; gizonezkoetan 24.23ko denbora eta emakumezkoetan 32.18koa hobetzen saiatuko dira.

Anttine Trail mendi lasterketa egingo dute igandean. Aurreko urteetako harrera ona ikusita, hirugarrenez antolatu dute Asteasuko Anttine Elkarteko kideek. Aurrekoetan bezala, Iturriozko aparkalekutik hasita, Hernioko gurutzera (4 kilometro eta 482 metro) igoera kronomentratua izango da.

Xabi Irazu elkarteko kideak azaldu duenez, «mendi lasterketen beste aldaera bat da, erlojupekoa, motzagoa, baina bere xarma duena». Lagunarteko solasaldietan atera zen proba antolatzeko ideia. «Kirol asko egiten dugu, Hernio maiz igotzekoak gara, eta horrela sortu zen ideia, aurreikuspen gehiegirik gabe; aurten hirugarrena egingo dugu, eta gogotsu gaude».

Proba 10:00etan hasiko da Iturriotzen, eta Zelatundik igaroz, Herniora ailegatuko dira. Parte hartzaileak 45 segundoko tartearekin abiatuko dira Iturrioztik.

Aste hasieran 80 korrikalari inguruk emana zuten izena proban. Parte hartu nahi dutenek oraindik ere izango dute horretarako aukera, bihar, osteguna, 23:59ak arte egongo baita zabalik izen ematea, Kirolprobak.com webgunean. «Aurreko urteetan 80-100 parte hartzaile izan ditugu, beraz, kopuru horietan mantentzen bagara, gustura», azaldu du Irazuk.

Behin izen emate epea amaituta, korrikalarien zerrenda eta irteera ordena osatuko dituzte, eta parte hartzaile bakoitzari bere irteera ordua jakinaraziko diote.

Gizonezkoen parte hartzaile kopurua handiagoa izan ohi den arren, gustura daude inguruko emakumezko ugari animatu direlako. Sariei dagokienez, neskentzat zein mutilentzat sari berdinak izango dira, eta baita errekorra egiten dutenentzat ere. Izan ere, partaideren batek errekor berria ezarriz gero, 150 euroko ordainsaria jasoko du.

Lehenengo Anttine Trail proban, gizonezkoetan, Hassan Ait Chaou izan zen lasterkari azkarrena 25.14ko denborarekin. Emakumezkoetan, berriz, Ane Iturria izan zen azkarrena, 33.16 eginez.

Bigarren urtean, gizonezkoetan, Asier Artola Ormazabalek 24.23ko denborarekin irabazi zuen eta emakumezkoetan, Ane Iturria izan zen berriro garaile, denbora hobetuz, 32.18.

Aurtengo faboritoei buruz galdetuta, aurreko urteetan aurrean ibili direnak igandean izango direla aipatu du antolatzaileak. Hori bai, eguraldiak eta lurraren egoerak asko baldintzatuko dutela proba aipatu du. Antolatzaileek igandean eguraldiak laguntzea espero dute, horrek Zelatunen giro ona izatea ziurtatuko baitu. Bertan egiten dute, hain zuzen sari banaketa proba bukatu ostean; «pintxoak ere banatzen dizkiegu parte hartzaileei eta musika jartzen dugu giro polita sortzeko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!