Kultur etxe berriarentzat oinarriak jartzen hasiko dira Asteasun

Jon Miranda Labaien 2025ko urt. 14a, 07:59

2,7 milioi eurokoa izango da aurtengo aurrekontua; Kabela Berri eraikina dagoen tokian egingo dute kultur etxe berria, eta etxea eraisteko egingo dute aurtengo inbertsio nagusia.

Asteasuko Udalak 2.727.600 euroko aurrekontua izango du 2025ean, iazkoa baino %9,5 handiagoa. Asteasu Batuz taldeko zortzi zinegotzien aldeko botoekin eta EAJko zinegotziaren abstentzioarekin eman zioten behin behineko onarpena aurrekontuari abenduaren 17an. Inbertsioen kapituluan 58.000 euro bideratu dituzte Kabela Berri eraikina eraisteko; ezinbesteko pausoa da hori, agintaldi honetako proiektu nagusia gauzatzeko: kultur etxe berria.

Iazko apirila eta ekaina bitartean egindako parte hartze prozesuan erabaki zuten herritarrek zein ezaugarri izango dituen kultur etxe berriak eta, oinarri horiek kontuan hartuta idatziko du proiektua arkitektura enpresa batek. «Espazio irekiak eta askotariko erabilera dutenak nahi dituztela esan ziguten herritarrek eta horren arabera osatuko da proiektua», esan du Pili Legarra alkateak. 65.341 euro bideratuko ditu udalak idazketarako.

Aurten eraitsiko dute Kabela Berri eraikina, datorren urtean obrak esleitu eta 2027an hasi nahi dituzte lanak. Urtebete inguruko iraupena izango dutela aurreikusi du Legarrak: «Data horiek beteko dira gauzak guk nahi bezala joaten badira. 1,8 milioi euro kostako da kultur etxe berria. 800 mila euro aurreztuta dauzka udalak eta Eusko Jaurlaritzaren landa eremurako Erein programara aurkeztu dugu egitasmoa. Jasoko dugun diru laguntzaren araberakoa izango da eskatuko dugun mailegua, handiagoa edo txikiagoa». Gaur gaurkoz, zor guztiak kitatuta dauzka Asteasuko Udalak eta, printzipioz, alkateak ez du eragozpenik ikusten banketxeekin mailegua negoziatzeko.

Liburutegi eta kultur etxeko zerbitzuaz gain, beste hainbat ere jasoko ditu eraikin berriak, hala nola ludoteka, haur txokoa, ikasgela edota Gaztelekua. Gaur egun kultur etxea dagoen eraikinaren edota Lizardi etxearen etorkizunaz hausnartzen hasi dira, dagoeneko, udal ordezkariak. Etxebizitza formula ezberdinak dituzte buruan, baina ideiak zirriborratu baino ez dituztela egin aitortu du Legarrak, bi eraikin horiek husteko, kultur etxe berria bukatuta egon beharko duelako. Dena den, lan horiekin guztiekin plazaren ingurunea erabat «borobilduta» geratuko dela uste du udal taldeak.

Inbertsio gehiago

Kultur etxera begirako inbertsioekin batera, beste hainbat lan ere aurreikusi dituzte 2025erako. Besteak beste, Santamañako ermitaren teilatua berrituko dute, eta baita Santa Krutz ermita ondoko lokalarena ere. Brigadarako furgoneta berria eta belarra mozteko makina erosi eta beste zenbait azpiegitura berrituko dituzte –hala nola frontoiaren atzeko atea edota igerilekuko galdara–. Horrekin batera, Lamiategi berri eta Igarroneako aparkalekuak asfaltatzeko diru bat ere gorde dute aurtengo aurrekontuan.

Udalak foru funtsetik jasotzen duen ekarpena da aurrekontuaren sarrera nagusia eta, nahiz eta aurtengo kopurua iazkoa baino altuagoa izan, ez da aurreko urteetako proportzio berean igo, Gipuzkoako Foru Aldundiak 1.000 biztanletik beherako udalei bideratutako laguntza handitzea erabaki baitu. Asteasutik, jakitun dira zein behar dituzten herri txikiagoek eta horregatik «begi onez» ikusten dute erabakia. Hala ere, aurten, inbertsiotarako nahi baino diru gutxiago dutela aitortu du alkateak; orotara, 198.500 euro. «Herrian zerbitzu asko eskaintzen ditugu eta azpiegitura eta zerbitzu horien mantenuak aurrekontuaren zati handi bat eramaten du, 1,3 milioi eurotik gora. Herritarrek kontziente izan behar dute zerbitzu asko dituztela herrian baina gero horiek mantentzeak kostua dakarrela».

Udal eraikuntzen mantenurako aurrekontua ia bikoiztu egingo dute, suaren aurkako sistema aldatu beharko dutelako, besteak beste. Berdina gertatzen da gizarte ongizateko zerbitzuekin ere –178.385 euroko aurrekontua izango du aurten–. «Geroz eta jende gehiagok jotzen du udalera laguntza eske eta herritar horien beharrei erantzun egin behar zaie». Gizarte Zerbitzuetako aurrekontuak izango duen igoera, nagusiki, etxez etxeko laguntzagatik da. Iazko 34.000 eurotik aurtengo 60.000 eurora pasako da zerbitzu horretara bideratutako ekarpena.

Bide batez, udal langileen lanpostuen balorazioa egin dute 2024an zehar eta, aurten, pertsonal gastuetan %8ko igoera egingo dutela aurreratu dute udal ordezkariek. 794.000 euro bideratuko dituzte haien lan sarietara. Aurtengo urtean pertsonal berria kontratatzeko asmoa ere badu udalak eta aurki atera nahi dituzte lan deialdiak.

Proiektu gehiago ere badituzte martxan Asteasun. Udaletxeko azpialdean Muskerraren Bidearen interpretazio zentroa egokitzen ari dira aste hauetan. Lan horiek Europako Next Generation funtsarekin finantzatuko dira. Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailak Jasangarritasun Turistikoko bigarren Lurralde Planean sartu zuen Asteasuko egitasmoa, eta Tolosaldean jasotako bi milioi eurotatik zati bat interpretazio zentro hori egokitzeko baliatuko dute. Jada hasi dituzte lanak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!