Aiztondo Kirol Elkarteak, Danena Kirol Elkarteak eta Asteasuko Udalak antolatuta, IV. Asteasuko MTB Lasterketa jokatu da, arratsaldean, Elizmendi auzoan, elizaren atzeko zelaietan. Eskola mailako txirrindularientzako mendi bizikletako proba izan da, eta 100 gaztetxo baino gehiagok parte hartu dute, alebin, benjamin eta infantil mailatan banatuta. Hiru zirkuitu ezberdin izan dira, maila bakoitzarentzako bana, eta hiru itzuli eman dizkiote parte hartzaileek beraiei zegokien zirkuituari.
Goizeko eta eguerdiko prezipitazioen eraginez, lokatz handia izan da zirkuituan zehar, eta horrek proba zaildu du parte hartzaileentzat; zenbait gunetan erorikoak izan dira, eta beste batzuetan, bizikletatik jaitsi eta oinez joan behar izan dute txirrindulariek. Ikusleentzat, berriz, are ikusgarriagoa eta erakargarriagoa izan da lasterketa.
Benjamin mailan, nesketan, Araitz Martin izan da azkarrena eta Elaia Etxegoien sailkatu da bigarren postuan; mutiletan, berriz, Mikel Badiola izan da garaile, Eren Ekiolazaren aurretik. Alebin nesketan, Maddi Montoyak irabazi du lasterketa, eta Mairi Lejarreta sailkatu da bigarren postuan; mutiletan, Andoitz Zabaleta gailendu da, Jon Salaberriaren aurretik. Azkenik, infantil mailan, nesketan, Nile Agirretxe izan da garaile eta Lizar Zubelzu bigarren; mutiletan, Daniel Diazek irabazi du proba, eta Ioritz Saizar helmugaratu da bigarren postuan. Horiez gain, Aitz Lerma, Aner Aranburu eta Uxuri Landaberea asteasuarrei ere garaikur bana eman diete.