Asteasuko MTB Lasterketa egingo da, larunbatean, laugarren aldiz

Ataria 2025eko urtarrilaren 9a

Aiztondo Kirol Elkarteak, Danena Kirol Elkarteak eta Asteasuko Udalak antolatuta, larunbat honetan Asteasuko MTB Lasterketa egingo da, 15:00etatik hasita.

Laugarren urtez egingo da mendi bizikletako proba, eta eskola mailako txirrindularientzat izango da, hau da, alebin, benjamin eta infantil mailakoentzat.

Federatuta dauden neska eta mutil txirrindularientzako da proba, eta hainbat klubetako partaideak izaten dira bertan. Hain justu, izen ematea kluben bitartez egiten da. Horrez gain, federatuta ez dauden herriko gaztetxoei ere aukera ematen zaie proban parte hartzeko. Asko badira izena ematen dutenak, beraientzako probak antolatuko dituzte, eta, bestela, federatuekin batera ariko dira. Herriko haurrek, ordu erdi lehenago, 14:30etik aurrera, izango dute aukera izena emateko, eskola txikian.

Elizmendin egingo da proba, zehazki elizaren atzeko zelaietan. Hiru zirkuitu ezberdin izango dira, maila bakoitzarentzako bana, eta hiru itzuli eman beharko dizkiote parte hartzaileek beraiei dagokien zirkuituari.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!