Asteasuko Usarrabi pilotalekua Urte Zahar egunean herri kirolen topaleku bihurtuko da beste behin. Asteartean, abenduaren 31n, 16:45ean hasiko da jaialdia eta bertan hainbat final jokatuko dira.
Urrezko Aizkolari Kopa Txapelketaren barruan, Urrezko Mailan hiru aizkolari ariko dira lehian: Julen Alberdi Txikia IV.a, Mikel Larrañaga eta Jokin Urretabizkaia Basozabal. Beste finaletako batean, Binakako Aizkolari Kopan, Gazte Mailan, hiru bikote ariko dira: Aritz Oiarbide eta Julen Urrutia, Oier Mitxelena eta Aitor Saralegi, eta Igoin Pikabea eta Beñat Senosiain. Binakako Aizkolari Kopan, Emakumezkoen Mailan, bi bikote ariko dira lehian: Karmele Gisasola Zelai III.a eta Uxue Ansorregi, eta Nerea Sorondo eta Irati Astondoa.
Binakako Harri Jasotze Txapelketaren barruan, gizonezkoen mailan hiru bikote ariko dira: Xabier Aranburu Guzta eta Paulo Azpiazu, Gorka Etxeberria eta Beñat Telleria, eta Imanol Royo Lartain eta Mikel Lopetegi Urra. Emakumezkoen mailan, beste hiru bikote izango dira pilotalekuan: Lierni Osa eta Maddi Gesalaga, Ainitze Zumeta eta Goizeder Abendibar, eta Patricia Martin eta Ane Atxutegi.
Marka saiakera txingekin
Arratsaldeko txapelketez gain, txinga eroatean marka saiakera izango da Asteasun. Kerman Perez de Heredia Euskadiko txapeldunak 600 metro egingo ditu txingak lurrean utzi gabe. 13:00etan hasiko da marka saiakera, eta ondoko ibilbidea egingo du: Agiñazpi baserria, Kale Nagusia, iturria, udal plaza, Obaba kalea, Ibarrazpi ibilbidea, Kale Berria eta bukaera Pello Errota eta Eleuterio Tapiaren eskulturan izango da.
Egun guztian zehar Gesaltzako txaranga ariko da giroa jartzen Asteasun.