Udalak bilera eskatu dio Siemens-Gamesako zuzendaritzari

Ataria 2024ko abenduaren 26a

Enpresaren asmoak ezagutu nahi ditu Asteasuko Udalak; langile batzordearekin ere bilduko da erregulazio espedientearen xehetasunak ezagutzeko.

Siemens-Gamesa lantegiak hartutako azken erabakiek kezka eta ezinegona sortu dute Asteasun eta eskualde osoan, bertan aritzen diren langileetako asko herrikoak edo bailarakoak baitira. Egoera honen aurrean Asteasuko Udalak erabaki du Siemens-Gamesako zuzendaritzari bilera eskatzea. «Udalak enpresaren asmoak ezagutu nahi ditu, aurrera begirako asmoak zein dituzten, zein aurreikuspenekin jokatzen duten eta plantari zein etorkizun ikusten dioten».

Langile batzordearekin ere bilduko da udala lan erregulazioaren xehetasunak ezagutzeko eta erregulazio horrek iraun dezakeen urte eta erdiko epealdi horretan udalak egin dezakeenaz langileekin hitz egiteko. Egoerak asko kezkatzen dituela esan du Pili Legarra alkateak: «Oraingoa baino sasoi oparoagoak ezagutu ditu Siemens-Gamesak eta ez da samurra familia askoren euskarri ekonomikoa den iturria egoera ezegonkor batean ikustea». Hala ere, esperantzarako leihoa ere zabaldu du alkateak eta esan du baikortasun puntu bat eragiten diola lan erregulazioaren gainean lortu den akordioak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!