Muskerraren eguna ari dira ospatzen Asteasun, eta ekitaldi ugari izan dituzte goizean zehar. Muskerraren bidearekin hasi dute eguna, eta Bernardo Atxaga idazlea izan da bertan azalpenak ematen. Ondoren, iturriko apustua jokatuko dute. Goiza bukatzeko, berriz, Adur Larrearekin solasaldia izan dute Iturri ondo jatetxean, argitaratu berri duen Gabriel Aresti BioGrafikoa izeneko komikiaren inguruan.
Lan horretan Gabriel Aresti idazle, artikulugile, euskaldun berri, euskaltzain eta itzultzailearen biografia laburbildu du Larreak. Liburuak orduko Bilboko giroa islatzen duela jakinarazi du idazleak. Beraz, giroa erdalduna zenez eta Aresti euskaldun berria, zenbait pasarte gaztelaniaz idatzi ditu. Lanaren amaieran, Arestiren ipuin bat komiki bihurtu du Larreak.
Solasaldiaren hasieran mokadu baterako tartea izan dute bertaratu direnek, eta amaieran, berriz, Larreak sinatutako hiru liburu zozketatu dituzte. Horren ostean, euskararen egunaren harira, ekitaldia egin dute plazan. Bertan, herritarrek musker erraldoi bat osatu dute liburuekin.
Arratsaldean, berriz, bi solasaldi egingo dituzte: lehena 17:00etan izango da eta irudiak eta umorea izango ditu hizpide; eta, bigarrena, 18:15ean, Gabriel Aresti eta Juan San Martin izango ditu hizketagai, Atxagak gidatuta.