'Ostirala iritsi da' ikuskizuna estreinatuko dute Asteasun

Ataria 2024ko azaroaren 27a

Katxiporretako pailazoen ikuskizun berria da 'Ostirala iritsi da', haurrei, familiei eta sudur gorriak maite dituztenei zuzendutakoa. Larunbatean, azaroaren 30ean, 16:30ean hasiko da emanaldia Asteasuko pilotalekuan.

2023ko azaroan argitaratutako Txapasen kaxa magikoa ipuin eta disko ilustratuetan dago oinarrituta Katxiporretako pailazoen ikuskizun berria. Josu Txapartegi Aramendi (Zarautz, 1946), Txapas ezizenaz ezaguna, euskal akordeoilari, idazle, abesbatzako zuzendari, organo-jole eta sortzaile oparoa da, Imanol Urbietaren lagun eta kide oso gertukoa izandakoa. Irakasle jubilatua da egun Txapas, nahiz eta inoiz ez den heziketa mundutik erretiratuko. Bere bizitzan hamaika abesti sortuak dauzka eta astero-astero egiten die ikasgelara bisita haurrei kontu-kantari. Abesti horien artean Ostirala iritsi da da Txapasek sortutako kanturik ezagunena, ostiralero ikastetxe askotako jolastokietan entzun daitekeena.

Honengatik guztiagatik, lan honekin Katxiporreta kooperatibak aitortza egin nahi die Txapasi eta berak bezala, egunerokotasunean haien balioak eta bizipenak maitasunez eta ilusioz partekatzen dituzten hezitzaile guztiei. Ostirala iritsi da saioan Txapasen zein Imanol Urbietaren kantuek presentzia berezia izango dute (Xabier Zabala konpositore eta musikoak egindako konponketekin), baita jolasek, naturak eta bestelako sorpresek ere.

Porrotx, Marimotots, Pupu, Lore eta Txapas izango dira protagonista ikuskizun berrian eta bertako kantua eta dantza ikasteko lotura zabaldu dute Katxiporretako pailazoek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!