Munduko hamar herrialde ezberdinetako zaporeak dastatu dituzte

Leyre Carrasco 2024ko urriaren 27a

Kulturarteko festa ari dira ospatzen Asteasun; azoka gastronomikoa egin dute goizean eta denera hamar herrialde ezberdinetako janari eta edari postuak izan dira plazaren bueltan.

Urte batzuk badira Kulturarteko Festa ospatzen dutela Asteasun, eta aurten ere ez dute faltan izan. Gastronomia azoka egin dute goizean eta denera hamar herrialde ezberdinetako postuak izan dituzte plazaren bueltan; Kolonbia, Ekuador, Honduras, Nikaragua, Dominikar Errepublika, Estatu Batuak eta Portugal izan dira, besteak beste.

"Gezurra badirudi ere, 30 herrialde ezberdinetako jendea bizi da Asteasun". Hala adierazi du Pili Legarra alkateak. "Horietako bost soilik dira europearrak eta gainontzeko guztiak munduko beste lekuetako herritarrak dira, eta Asteasun bizi dira". Asteasun bizi diren kanpotarren kopuru handiena kolonbiarrak dira, atzetik Maroko eta Ekuador dituztelarik.

Era berean, herritar batzuk egoera "oso zaurgarrian" iristen direla esan du Asier Baglietto Asteasuko kultur teknikariak, "eta hemendik 10 urtera %10a migrantea bada, nola egingo dugu elkarbizitza denontzat aberasgarria izatea?". Horregatik aurtengo edizioan arreta berezia jarri nahi izan die harrera gaiari, eta horren bueltan aritu dira aste osoan zehar.

Horregatik, aurretik zenbait ekintza egin dituzte Mundu Bat Asteasun! egitasmoaren bueltan. Teknikariak azaldu duenez, "ekintza horietako bat iritzi arrazistei aurre egiteko hitzaldia izan genuen, izan ere, hurrengo urteetan askoz jende gehiago etorriko da Asteasura, eta behar ditugulako etorriko dira; pertsona helduak zainduko dituzten pertsonak behar ditugulako edota enpresetan langileak behar ditugulako eta horri begira prestatzea da, hain zuzen, Mundu Bat Asteasun! egitasmoaren lana".

Egun osoko festa

Azokaren ostean mundialitoa egin dute. Talde ezberdinetan banatu dira eta zenbait jolas egin dituzte plazan. Arratsaldean, berriz, Funsion H musika taldearen emanaldia izango dute, 16:00etatik 18:00etara, eta horren ostean, piñatarekin emango diote amaiera festari.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!