Ostiral honetan, urriaren 4an, auzolanaren inguruan egiten ari diren lanketaren barruan bigarren saioa egingo dute udaletxean 19:00etatik aurrera.
Aurreko ostiralean egin zuten lehenengo bilera eta hainbat inpresio bildu zituzten parte hartzaileek. Nabarmendu zuten auzolanean uste baino gauza gehiago egiten direla Asteasun eta horrek herrian giro ona sortzen duela. Taldeen artean koordinazioa bultzatzeko ere aktibo garrantzitsua da auzolana. Lehenengo saiora hainbeste jende hurbiltzea modu positiboan baloratu zuten ekimenaren bultzatzaileek eta nabarmendu dute gogoa sumatzen dutela herrian. Auzolana indartzeko urratsa praktikoak egiteko prest daude eta dagoeneko auzolana sustatzeko taldean parte hartzeko boluntarioak agertu dira.
Hain zuzen, aurreko igandean Asteasuko azokan inauguratu zuten auzolaneko balioetan oinarrituta egin dute horma-irudia. Gazteek txosnan egindako lanari esker eta bertan lortutako diruarekin egin du Arkaitz Uranga irudigile ibartarrak murala. Arroz-esne lehiaketaren sari banaketaren ostean egin zuten inaugurazio ekitaldia eta Urangak berak eman zituen horma-irudiaren inguruko argibideak.
Gaur egun, auzolanean egiten diren ekimenak zerrendatu eta aurrera begira dauden aukerak eta beharrak aztertu zituzten irailaren 27ko bileran. Gai horietan sakontzeko beta hartuko dute parte hartzaileek datorren ostiralean.
Kulturarteko espazioaren bilera
Larunbatean, bestalde, Kulturarteko Espazioaren bilera egingo da 10:30ean udaletxean. Urteroko plangintzaz, euskara ikasteko aukeren inguruan eta hilaren amaieran egingo duten kulturarteko festaz hitz egingo dute bileran. Parte hartzeko, aurretik izena eman behar da 626 23 58 84 telefonoan edo kultura@asteasu.eus helbidera mezu bat idatziz.
Era berean, hilaren 27an, Kulturarteko Festa ospatuko dela gogorarazi dute udaletik, eta larunbat honetako bileran, izena emateko aukera egongo dela nabarmendu dute.