Orain arte Asteasun izan dituzten auzolan esperientziak «oso positiboak» izan direla ikusita, herritar batzuk auzolana sustatzeko lanean ari dira azken hilabeteetan. Aurrera urrats bat emateko, gogoeta saio bat egingo dute datorren irailaren 27an udaletxean, alde batetik, herrian auzolanean egiten denari balioa emateko, eta bestetik, etorkizunera begirako beharrak identifikatu, lehentasunak finkatu eta auzolana indartzeko pausoak zirriborratzeko.
Hilaren 27an egingo duten gogoeta saio horretarako abiapuntua asteasuarrek egunotan bete beharko duten galdetegia izango da. Irailaren 24a baino lehen erantzun beharko zaio eta antolatzaileek esan dute galdetegi laburra dela, bost minututan betetzeko modukoa.
Auzolana «oraina eta etorkizuna» dela azpimarratu dute ekimenaren bultzatzaileek: «Auzolana gizarte erronkei modu kolektiboan heltzen dieten ekintza eta proiektuak dira, proposatzen dutena auzoetako eta udalerrietako bizi baldintzak hobetzeko baliogarria da eta gizarte inklusiboagoa eta kohesionatuagoa eraikitzen laguntzen du, herritarren inplikazioa eta protagonismoa bilatuz eta erraztuz». Odola emateko saioak antolatzea, gaixo dagoen auzotarrari enkarguak egitea, mintzalagun izatea edo herriko jaiak antolatzen laguntzea jarri dituzte antolatzaileek auzolanaren adibidetzat. «Auzoa eta ingurua zaintzeko egiten dugun keinu bakoitza da auzolana, sarritan baserri bideak edo erreka bazterrak garbitzea datorkigu burura, baina auzolana hori baino askoz gehiago da».
ORAIN ARTEKO ESPERIENTZIAK
Herriko gazteekin elkarlanean Asteasuko I. Gazte Eguna antolatu zuten udaberrian. Guztira 80 lagun inguruk hartu zuten parte, bai aurreko egunetan zein egunean bertan izandako auzolanetan. «Argi geratu zitzaigun halako ekimenei jarraipena eman beharra», esan dute antolatzaileek. Gogoetak balioko du borondatez zenbat lan egiten den ikusarazteko, eta baita egiten dena nola hobetu daitezkeen zehazteko ere. «Zer zaindu eta zeri arreta jarri nahi diogun pentsatuko dugu elkarrekin».
Auzolanaren inguruko gogoeta bultzatzen ari diren herritarrak herriko elkarte, ekimen eta erakunde ugarirekin jarri dira harremanetan euren asmoak aurkeztu eta bat egin dezaten proposatzeko. Txosna herrikoiak, baserritarren mahaiak, Kukute guraso elkarteak, Odol emaileen elkarteak, Emakume taldeak, Pello Errota herri eskolak, Osakidetzak, Xirimiri kultur taldeak, Usarrabi abesbatzak, Izan Inurri elkarteak, Aiztondo txirrindulari elkarteak, Harituz bertsozaleen elkarguneak, Santamañako festa batzordeak eta Asteasuko Udalak egin dute bat, oraingoz, ekimenarekin.
ASTEASUKO AZOKA 2024
- Irailak 27, ostirala
- 19:00. Auzolanaren inguruko gogoeta saioa udaletxean. Tartean Tolomendiren Auzolangintza dokumentala eskainiko dute.
- Ondoren. Mokadua bertaratutakoentzat.
- Irailak 29, igandea
- 10:00. Azoka eta ganadu erakusketaren irekitzea.
- Goizean zehar. Erakustaldiak: herriko kalabazen erakusketa; perratze lanak; sega pikatzea...
- 11:00. Txekor-erre pintxoak.
- 11:00. Haurrentzako asto ibilaldiak Astotrek enpesaren eskutik.
- 12:00. Arroz-esne lehiaketaren sari banaketa ekitaldia.
- 12:30. Herriko trikitilarien kalejira.
- 14:30. Azokaren itxiera.
- 18:30. Erromeria: Jone Uria eta Julene Otegirekin.
Goiz osoan zehar autobusa izango da industriagunetik plazara.
* Irailaren 29an Asteasun egingo duten azoka bereziaren egunean inauguratuko dute Kale Berriko etxe multzo baten fatxadan margotu duten horma-irudia. Arkaitz Uranga irudigile ibartarrak osatu du eta bertan auzolanaren balioak islatu nahi izan ditu bertan.