Giro ederrean hasi dituzte festak

Ataria 2024ko uztailaren 18a

Asteasuko Santamañako festak abian jarri dira gaur eguerdian. Tranpazuloren igoerak, kanpai hotsek eta suziriek eman diote hasiera.

Aurretik, meza egin da ermitan, eta ondoren 80 pertsona inguruk hartu dute hamaiketakoa. Izer eta Alabier hasi dira eguna musikaz girotzen, eta dagoeneko beroa egiten bazuen ere, ermita aurreko plazatxoan aritu dira batzuk dantzan. Txupinazoaren txanda iritsi da gero, Tranpazuloaren igoerarekin batera, eta hau kanpai hotsen laguntzarekin. Jexux Mari Irazu eta Anjel Mari Peñagarikano bertsolarien txanda iritsi da horren ondoren. Zenbait bertso bota ondoren, Goibailarakoen arteko herri kirol lehia iritsi da. Gazteen bi talde aritu dira nor baino nor, hainbat herri kirol ezberdin txandakatuz, eta sokatiran bukatu dute. Lehenbizi gazteen bi taldeak aritu dira, eta bakoitzak tiraldi bana irabazi du. Azkenean, helduek ere sokatiran parte hartu nahi izan dute, eta gazteen arteko selekzioak irabazi die. Otarra ere zozkatu dute, eta irabazlea ere atera da; herri kiroletan aritu direnekin jarri da azken argazkirako.

Santamañako festek jarraipena izango dute igandera arte. Ikusi hemen egitaraua.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!