Asteasuko jaiak 2024

Festen balorazio positiboa egin du udalak

Ataria 2024ko uztailaren 15a

Asteasuarrak, beste behin ere, festetan «eredugarri» agertu direla nabarmendu dute udal ordezkariek.

Asteasuko Udalak eskerrak eman dizkie San Pedro festak aurrera ateratzeko beraien ekarpena egin duten herritar, eragile eta elkarte guztiei. «Lehendik ere bagenekien baina beste behin erakutsi da auzolanaren garrantzia. Jai parte hartzaileak nahi baditugu denon artean sortu behar ditugu», esan dute udal ordezkariek.

Jaiak giro onean igaro dituztela aipatu dute udaletik, egitarau oparoaz gozatu ahal izan dutela: kirol probak, musika eta dantza, besteak beste. Udalak esan du esker berezia zor diela gazteei, «izugarrizko» lana egin baitute txosnarekin. «Antolakuntza ezin hobea eduki du».

Erasoen aurkako protokoloari dagokionez, herritarrek adierazi duten borondate ona nabarmendu dute udal ordezkariek eta horrekin «pozik» daudela esan dute. «Erasorik ez da salatu baina lanean jarraituko dugu guztiokin eta guztiontzako jaiak antolatzen jarraitzeko. Herriko eragileen arteko sareak indartu eta Asteasu herri bizia izateko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!