Orientazio proba eta krosa lehen astebururako

Ataria 2024ko uzt. 11a, 11:57

Iazko SantamaƱa Kros Igoeraren une bat.

Iristear dira Santamañako festak eta horren adierazle dira asteburu honetan izango diren bi ekitaldiak: larunbateko Santamaña V. Orientazio Proba Herrikoia eta igandeko Santamaña XXII. Kros Igoera.

Arratsaldez izango da orientazio proba: 16:30ean hasiko da proba luzea, gehienez hiru ordukoa, eta 17:30ean hasiko da proba motza, gehienez bi ordukoa. Taldeak bat eta bost pertsona artekoak izango dira, eta 12 urtez beherakoak heldu batez lagundurik joan beharko dira. Derrigorrezko materiala ura, mendiko arropa eta oinetako egokiak izango dira. Izen ematea proba baino ordubete lehenago izango da, eta 12 urtez gorakoek 5 euro ordainduko dute eta beherakoek 3 euro. Proba ez lehiakorra izango da, eta amaieran anoa postua egongo da, Santamañan, parte hartzaile guztientzat. Izen emateekin jasotako dirua Aspanogi elkartera bideratuko da.

Kros igoera, berriz, goizez izango da, eta 10:30ean hasiko da. Asteasuko plazatik abiatuko da eta zirkuitu bati bi itzuli eman ondoren, Santamaña ermitara igoko dira korrikalariak. Aurten ibilbideak aldaketa txiki bat izango du, minen egoera dela eta. Herritik egiten diren bi itzulietan desbideratu egingo dira ohiko ibilbidetik 125 metro inguru itzuli bakoitzean; beraz, 250 metro gehiago egingo dituzte korrikalariek. Guztira 7 kilometro eta 100 metro inguru izango du aurten ibilbideak.

Kros igoeran izena eman daiteke Rockthesport.com helbidean, eta 7 euro balio du. Irabazleak 120 euro, bigarrenak 90 euro eta hirugarrenak 60 euro jasoko ditu, emakumezkoetan zein gizonezkoetan. Bukaeran hainbat sari zozkatuko dira parte hartzaileen artean eta hamaiketakoa eskainiko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!