Asteasuko Kukute guraso elkarteak deituta elkarretaratzea eta argazki jendetsua egin dute Pello Errota eskola atarian. Asteasuko Udalak ere bat egin du Palestinako genozidioa salatzeko deialdiarekin eta herritarrei argazkira batzeko gonbidapena luzatu die. Jende mordoxka bildu da eskolako patioan.
Palestinako herriak, oro har, eta bereziki haur eta nerabeek bizi duten egoera larria salatzeko elkartu direla aipatu dute Kukute guraso elkarteko kideek. «Oso nabarmena eta agerikoa da haurrak eta nerabeak direla gehien sufritzen dutenak».
Gurasoek emandako datuen arabera, «15.000 haur hil ditu Israelgo estatu sionistak eta momentu honetan, gutxienez, 32 ume dira gosez hil direnak». Palestinako haurrak gureak ere badira lelopean Araba eta Bizkaiko hainbat guraso elkartek egindako deiarekin bat egin nahi izan dute Asteasukoek egoerak eragiten dien «mina» plazaratzeko.